GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Buruz Burukoa

Urrezko Aizkoran bigarren kanporaketak ez du ezusteko handiegirik utzi

Zubizarreta, Elorriaga eta Zubiaga izan ziren txartela eskuratu zuten aizkolariak

GARA | ASTEASU

Ez zen ezusteko handiegirik izan Asteasun jokatutako banakako Urrezko Aizkorako kanporaketan. Zubizarretak, Elorriagak eta Zubiagak egin zuten aurrera, beraz datorren larunbatean Ataunen egingo den hurrengo kanporaketan arituko dira hirurak.

Aizkolariek ez zuten eguraldia lagun izan, beroketa gogorrekin egin behar izan zioten aurre elurrak ekarritako hotzari. Probalekura hurbildutako 200 zaleek, ordea, ez zuten askorik behar izan gorputza berotzeko, Zubizarretaren eta Mugertzaren arteko demak gaueko txaloak piztu baitzituen.

Bi aizkolariak zein baino zein gehiago aritu ziren hiru saioetan, eta azken unera arte ez zen garaile argirik izan. Erlojuaren aurkako lehen proban, Mugertza III izan zen enborra mozten azkarrena, 56 segundotako denboraz. Zubizarretak, ordea, buelta eman zion kanporaketari, eta kostata izan bazen ere, zutikakoan eta etzandakoan nagusituz, hurrengo kanporaketarako pasea erdietsi zuen. Horrela, Aierbe II izango du aurkari larunbatean.

Erakustaldia

Zubiagak kanporaketan erakustaldia eman zuen. Dotore aritu zen lanean, eta merezimendu osoz lortu zuen hurrengo kanporaketarako txartela. Hiru saiotan gailendu zitzaion Mujikari. Beraz, hurrengo asteburuan Mugertza II izango du aurkari Ataunen.

Zubiagak denbora aparta egin zuen erlojupekoan, kronometroa 55 segundotan gelditzea lortu zuen, Mujikak baino hiru segundo gutxiagotan. Zutikako lanean, ere, aise garaitu zuen lehiakidea eta behin betiko denboran minutu erditik gora atera zion. Izan ere, lan erdian ateratako denbora -minutu erdia-, nahikoa izan zuen saioa irabazteko.

Bere horretan jarraitu zuen lehiak azken proban, eta 54 ontzako etzandakoan Zubiagak ez zuen hutsik egin. Nahiz eta azken saioan segundo bakarreko abantaila lortu, azkenik, 38 segundo aurretik sailkatu zen.

Hurrengo kanporaketan izango den hirugarren aizkolaria Elorriaga da. Asteasuko proban Alkizaleta I.ren aurka neurtu behar izan zituen indarrak, eta sufrituta izan bazen ere, kanporaketan aurrera egitea lortu zuen.

Elorriaga ezin hobeto moldatu zen erlojupeko lanean eta gerora erabakigarria izan zen tartea lortu zuen. Alkizaletak, ordea, ez zuen amore eman, eta denbora murriztu egin zuen zutikako proban. Azken txandan ere, bera izan zen nagusi, baina kendutako denbora ez zen nahikoa izan azken denboran aurrea hartzeko. Horrela, Elorriaga Senosiain edo Kañamaresen aurka arituko da hurrengo kanporaketan.

Gazteen lehia

18 urtetik beherakoen arteko lehian, Oihan Larretxeak, Donatoren semeak, Alkizalete II hartu zuen mendean. Nafar gazteak hiru lan saiotan garaitu zuen aurkaria eta final erdietarako txartela eskuratu zuen.

hiru kanporaketa

Arratsaldeko zazpietatik aurrera beste hiru kanporaketa jokatuko dituzte gaur Larraintzarreko Liltzama pilotalekuan: Etxebeste, Mendieta; Senosiain II, Esnaola; eta Senosiain I, Kañamares. Gazteen kanporaketan Kañamares eta Olano arituko dira aurrez aurre.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo