Eraldaketa sozialeranzko urratsak jorratu dituzte Gazte Topagunean
Larunbateko ekitaldi politikoan Euskal Herriak bizi duen egoeraren hausnarketa egin, eta gazteriak nolako gizartea nahi duen zehaztuta, egunotan euskal gizartea eraldatzeko beharrezkoak diren urratsak lantzen ari dira. Gizarteko eremu desberdinetan eman beharrekoak direnez, jorratu beharreko gaiak ere alor horietan sailkatu dira; bakoitzak bere eremutik, baina norabide berean, «euskal Estatu sozialista» eraikitzeko jardunean ari dira Euskal Herriko gazteak.
GARA |
Euskal Herriko gazte mugimendua bere antolakuntza gaitasunak nabarmentzen du. Urtean zehar hainbat eremutan aritzen dira lanean gazteak, herriz herri, eskolaz eskola, auzoz auzo... Bi urterik behin mugimendu horiek guztiak bildu egiten dira, bakoitzak bizi izan duenetik abiatu, bizipen horiek elkartrukatu, eta denen arteko eztabaidaren bidez, aurrerapausoak zehazteko. Horixe da Gazte Topa- gunea. Aurten Lezon bildu da gazte ekimenen porrusalda, aniztasunak aberasten duen mugimendu sendo eta bateratua lau egun hauetan irudikatu delarik.
Gazte anitz bertako aisialdi-ekitaldietan parte hartzeko asmoz hurbildu izanen da Lezora; izan ere, guztiz zilegi da helburu hori: Topagunean gainerako gazteekin elkartu, eta harreman horietaz gozatzeko aukera izanen du. Baina beste anitz, egunerokoan hartutako konpromisoak berrestera joanen da; horiek indartu eta bidean aitzinera egiteko urratsak zehazteko asmoz. Horretarako aukera paregabea eskaintzen du Gazte Topaguneak: Eskola, gaztetxea, herria eta kultur guneetan gazteei eta herri eraikuntzari dagozkien gaiak jorratzen dira. Larunbateko ekitaldiek Euskal Herriaren egoera politikoa ezagutarazi zuten; Frantziako eta Espainiako Estatuen zapalkuntzak eragiten duen euskal nortasunaren aitorpena ukatzea batetik, eta egun agintean diren botere indarren interesek herritarrenak zapaltzen dituztela bestetik. Horren aitzinean, gazteek «euskal Estatu xozialista» eraikitzeko asmoa erakutsi zuten larunbatean, eta gainontzeko egunetan bide horretan eman beharreko urratsak lantzen ari dira.
Eskola gunean, inposaturiko hezkuntza sistema alboratu, eta ekimenen, hitzaldien eta tailerren bidez, bestelako hezkuntza eredu bat eraikitzeko jardunean ari dira. Haiek azaldu dutenez, «Ikaslea irakasle» ekimena abiatu dute; Beraz, eredu berria «guztiok dugu zer irakatsi eta ze ikasi» filosofian oinarritu dute. Aldi berean, ikasleen garrantzia nabarmendu nahi izan dute, eta horren haritik, «gaurdanik, etorkizuneko gizartean eraikiko diren proiektuak garatzen eta aplikatzen hasteko beharra» azpimarratu dute.
Gaztetxe gunea, gazte asanbladen borroka modu guztien topagunea da. Gainerako guneetan bezala, hitzaldien, eztabaiden eta tailerren bidez, egun abian diren borrokak jorratu dituzte. Horien artean, garrantzi berezia hartu du etxebizitzak, eta «etxebizitza eskubidearen alde borrokan ari diren eragileen asanblada» sortu da Topagunean. Euskal Herriko Gazte Kontseiluak maiatzaren 10erako gaiaren inguruko topaketak antolatu ditu Bilbon, eta sortu berri den asanbladak horietan parte hartzera deitu du Lezotik.
AHTren gaiak ere badu bere tokia. Kaltetuak izan daitezkeen herrietan gazte asanbladak «proiektu txikitzaile hau geratzeko borrokan murgilduta daude», eta beraz, garraiobide horren inguruko nondik norakoak aztertu dituzte egunotan Gaztetxe gunean. Eskola gunean ere, atzo mintegia antolatu zuten gaia lantzeko, «pedagogia eredu alternatiboa» erabiliz.
Balio inposatuak alboratuz
«Egun, inposatu zaizkigun balio atzerakoi eta indibidualistak alboratzeko eta gizarte eredua eraldatzeko bidean eraiki beharreko balioak indartzeko» hainbat lanketa egiten ari dira gaztetxe gunean: Sexualitateaz mintzatzeko «Sextabaida», eta sexuaz gozatzeko «Sexualitatea askatu jaia» egin dituzte; musika eredu «komertziala» eraldatzeko bidean, MusikHerria herri diskoetxearen ekarpenak jaso dituzte, horien artean, «Rock maratoia»; drogen gaineko hausnarketarako aukera ere izan da, Askagintzaren eskutik izandako hitzaldi eta tailerretan «kontsumo burujabea»ren gainean jardun baitute.
Atzokoan, «betiko pornografiari» alternatiba eskaintzeko modua izan zuten aztergai, eta adibidetzat hainbat bideo-emanaldi ikusi ahal izan ziren. Kultura gunean hainbat ekitalditan parte hartzeko aukera izan da; txalapartari gazteen topaketak antolatu dira, film laburrak ekoizteko eta ikusteko parada izan da, «Kultur Sorkuntza Euskaratuz» egitasmoa aurkeztu da, eta «Copyleft» lizentziaren inguruko tailerrak antolatu dira. Lizentzia horrek «edozein kultura lan erabili, moldatu eta banatzeko aukera ematen duen filosofia» biltzen du. Bestetik, Herri gunean, hainbat kultur ekitaldi izan dira: Kalejirak, musikariak eta herri-pertsonaia bereziak ibili dira Lezoko kaleetan.
Gune horietaz gain, «Kamaradak txokoan» atzerriko herriekin harremanetan jartzeko modua eskaini da. Horien ekar- penak erakusgai jarri dira. Topagunera gonbidatu dituzte, besteak beste, Hegoafrika, Venezuela, Palestina eta Kurdistango hainbat eragile; eta hitzaldi nahiz tailerretan Europa osotik etorritako taldeek eta eragileek hartu dute parte. Internazionalismoa jorratzea izan dute helburu; beraz, horren inguruan mintzatu dira nazioarteko hainbat aditu. Hartara, beste herrialdeetatik etorritakoei parte hartzeko eta gozatzeko aukera eskaini zaie.
Lezoko auditoriumean denetariko ekitaldiak izan dira. Hainbat gairi buruzko hitzaldiak: makroproiektuak, antiglobalizazioa, «nazioarteko terrorismoaren kontrako gudak», «sozialismo identitarioa»... Bologna prozesua, `terrorismoa', herri-borroka eta beste hainbat gai lantzeko, mahai inguruak eta eztabaidak izan dira, eta ekarpen interesgarriak egin dituzte hainbat herrialdek. Atzo, Iñaki Gil de San Vicentek emandako «Zergatik borrokatzen dute herriek?» hitzaldiak arrakasta handia izan zuen.
Gizarte berri baterantz
«Gazte Topaguneak ateak ixten dituenean argi izan behar dugu borroka guzti hauek ez direla Lezon amaitzen; alderantziz, Lezotik indartuta aterako dira». Halaxe adierazi dute antolatzaileek: «Biharko Euskal Herri sozialista eraikitzeko eremuz eremu martxan ari diren borroken topagunea da Gazte Topagunea, han, bakoitzak bere errealitate propiotik abiatzen dituen borrokak elkartrukatu, eta guztiak helburu baterantz eramango dituen norabidea marraztuz».
Balorazioa egiteko goiz den arren, argi ikusi dute «urte hauetako borroken ondorioz, proiektu ugari eraiki direla agerian geratu dela, borroka guztien norabidea gero eta definituago dagoela, eta etorkizuneko Euskal Estatu Sozialista inoiz baino hurbilago dugula».
Eguraldia kontra izanik ere, euskal gazteriak Lezoko Gazte Topagunean bere indarra eta antolakuntzarako gaitasuna erakutsi ditu beste behin ere.
Antolaketa jendetsua prestatzeko lan handia egin da eta eguraldiak ez du lagundu; euriak eta haizeak kaltea eragin du kanpalekuan, eta hainbat lagunek etxerako bidea hartu dute. Dena den, gazteen indarra bertze behin agerian gelditu da: Topaguneak aintzinera segitzen du.
Topagunean 8.000 lagun hartzeko kanpalekua prestatu dute antolatzaileek. 1.000 laguni bazkaltzen emateko jantokia ere egon da. 4.700 lagunek lau egunerako bonoa erosi dute; ostiralean 500 sarrera saldu ziren, eta larunbatean, beste 700; guztira, 6.900.
Jarduera berritzaileak erakutsi dira egun hauetan. Atzo «Bertso hop» antolatu zuten, Xabier Silveira eta Julen Zubeldia bertsolariek raperoekin lehiatu zirelarik. Gaztetxe gunean berriz, «betiko pornografiari» alternatibak bilatu zitzaiozkion.
Hitzaldi eta eztabaiden bidez AHT, hezkuntza eredua, gizarteko baloreak, kultura eredua, etxebizitza eskubidea, sexualitatea, drogen kontsumo burujabea, maskulinitatea, musika eta abar landu dira.
Bertze herrialdeetatik gonbidatutako adituek eta eragileek euren herrietako esperientzia ezagutara eman dute. «Terrorismoaren kontrako gudak» eta makroproiektuek dituzten eraginak aztertu dira horien laguntzarekin.