GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Urtero da aurten

Ezin imajina nezake nolakoa litzatekeen egun batean bai, baita hurrengoan ere, inguruneari begiratu behar izatea objektu batek zantzua eman arte jakiteko non esnatu garen egun horretan

Urtero dira Gabonak, urtero esaten dugu gorrotatzen ditugula eta egutegitik ezabatu beharko liratekeela, eta urtero itzultzen dira, berriz ere, abenduaren amaieran.

Urtero heltzen dira oporrak Aste Santuan; irrikan egoten gara urtero hel daitezen, eta urtero amaitzen dira, egun gutxiren buruan. Urteak urtero betetzen ditugu, guk eta gure etxekoek, lagunek eta lankideek; eta zoriondu egiten ditugu urtean-urtean, antzeko esaldiak esaten dizkiegula.

Udaberriaren malenkonia jasaten dugu urtero, udaren poza, neguaren depresioa eta udazkenaren zama, urte oro bezala. Bizi zikloa gupidagabea da, urteroko hitzorduari huts egin gabe, beti-beti itzultzen baita.

Errepikapena, monotonoa den arren, segurua da, ordea. Babesa da. Abaroa da. Gauzak berriz gertatuko direla aldez aurretik jakiteak aspergarria eman lezake, baina larriagoa litzateke ez jakitea, ziklorik ez egotea, urte batek hurrengoarekin zerikusirik ez edukitzea, non eta zertan egongo garen, zer egingo dugun susmatu ezin izatea. Errepikapenak abantaila ematen digu, nagusitasun modukoa, permititu egiten baitigu gerokoari aurrea hartzea.

Zikloen errepikapenari esker uxatu egiten dugu ezezaguna, eta nola edo hala maite dugu, Asperger sindromeak jota bageunde bezala. Horregatik pairatzen dugu behin eta berriz urterokoaren erritoa, sinbolismo antzua, ohitura burugabeak, araudi tazitoa. Gertatuko dela jakiteak boteretsu sentiarazten gaituelako, une batez.

Larrigarria baldin bada behin eta berriz Gabonak bizi behar izatea (gorrotatzen ditugulako, alegia) are larrigarriagoa litzateke ez jakitea Gabonak noiz egongo diren, egongo diren ala ez, nolakoak izango diren, nork erabakita.

«Lagun izoztua» nobelan gehien asaldatu ninduen esaldia izan zen protagonistak pasadan esandakoa, garrantzi handiegirik eman gabe esana: «Azken hamar (edo hamabost) urteetan berrehun ohe desberdinetan egin dut lo». Esnatu eta lehen segundo milarenean non zauden ez jakitea larrigarria bada ere, ezin imajina nezake nolakoa litzatekeen egun batean bai, baita hurrengoan ere, inguruneari begiratu behar izatea objektu batek (usain, kolore edo forma batek) zantzua eman arte jakiteko non esnatu garen egun horretan. Edonor aztoratzeko modukoa, susmatzen dut (eta susmatu egiten dut, halaber, egileak berak jakin badakiela zer sentitzen duen bere pertsonaiak).

Becquer-ek «volverán» zioen orain bi mende, «volverán las oscuras golondrinas en tu balcón sus nidos a colgar y, otra vez, con el ala a sus cristales jugando llamarán». Zikloaren errepikapena.

Baina berak ere bazekien enarak itzuli arren, ez direla enara berberak. Eta gu ez garela aurreko urtean bisitatu zuten pertsona bera. Urtero errepikatzen dugu oporren edo urtebetetzearen protokoloa, baina ez gaitu berdin harrapatzen urte berriak. «Volverán las oscuras golondrinas, pero aquéllas que el vuelo refrenaban tu hermosura y mi dicha al contemplar, aquéllas que aprendieron nuestros nombres, ¡ésas no volverán!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo