GARA > Idatzia > Ikusmira

Ibaiek gainez egiteko arriskua, gero eta txikiagoa izan behar lukeena

Azken egunotako elurra eta euria direla-eta, Araban Zadorrako urtegietatik eta Gipuzkoan Añarbekotik ura askatzeari ekin behar izan zioten. Aldi berean, Nafarroan, zenbait ibaik gainez egiteko arriskua dela-eta, alerta aurreko egoerari eustea erabaki zuten eta atzo goizera arte zenbait errepide itxi zituzten. Aipatzeko modukoa da Urrunagako (Araba) urtegian ireki duten uhatea ez dela 50 urtean behin ere ireki. Badirudi, ordea, aurreikuspenen arabera, egoerak hobera egingo duela eta, beraz, arriskua desagertuko dela. Nolanahi ere, prebentzio neurriak, kasu honetan eta litekeen edozein arriskuren aurrean, beharrezkoak dira, zalantzarik gabe, eta urtegietatik ura askatzea, errepideak moztea eta behar diren neurri guztiak hartzea da jokaera zuzenena. Hala ere, honelako egoerak ia urtero gertatzen direnez, on litzateke unean uneko prebentziotik harago joatea. Alegia, azpiegitura hidrologikoak bi norabidetan egokitzea: aurre egin beharreko arriskuak ahalik eta txikienak izan daitezen, batetik, eta ur ustiapena hobetzeko bestetik. Ur eskasia ere -alferrik galtzen den ura haren kausetako bat izaten da- ez baita oso noizbehinkako egoera izaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo