GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Gaztela eta Leongo Itzulia

Ventosok aurrea hartu die euskaldunei helmugan

Bost euskal txirrindulari sartu ziren hirugarren etapako lehen hamar sailkatuen artean eta Samuel Sánchezek bigarren amaitu zuen Urueñako helmugan.

p038_f01_097x072.jpg

GARA | URUEÑA

Marka da gero. Bost euskaldun etapako lehen hamar sailkatuen artean sartu, -Samuel Sánchez Euskalteleko asturiarra ere sailkatuen artean sartuz gero sei lirateke- eta ezin, azkenean, garaipenik lortu. Helmuga bihurria zen Urueñakoa (Valladolid) eta Samuel oso ongi aurreratu zen 100-200 metroren faltan. Bezperan bezalaxe, klase ikaragarriko txirrindularia dela erakutsi zuen; baina, bezperan bezalaxe, oraindik indarrez puntu-puntuan ez dagoela nabarmen geratu zen. Emaitza: Ventoso madrildarrak (Andalucia Cajasur) nagusitasunez lortu zuen garaipena. Aipagarria Aitor Perez Arrieta berriz ere aurre-aurreko postuetan ikusi izana, Murciako Itzulian egindako lan bikaina egun bakarreko lorea ez dela erakutsiz, eta Iban Mayoz, Karpin Galician dabilen gipuzkoarra, lehen hamarretan sartu izana.

Aurreneko postuetan azaldu ez arren, Orbeak ere merezi du aipamena. David Martín gaztea eguneko ihesaldian sartu zen Chuzda eta Lopezekin batera. Saiakera helmugatik bospasei kilometroa ezerezean utzi zuten Astana, Euskaltel eta Rabobankek; baina Alvaro González de Galdeanoren taldeak erakutsi zuen ez dela denbora-pasa joan. Sailkapen nagusian ez zen aldaketarik izan eta Astanako urrezko bikoteak jarraitzen du buruan: Contador eta Leipheimer.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo