GARA > Idatzia > Kultura

Photomuseumaren jardunaldiei esker Zarautzek argazki galeria erraldoi itxura hartu du

Zarautz argazki galeria erraldoi bilakatu da herriko Photomuseumak, Udalak eta hainbat galeriak antolatutako Argazkien Bilera jardunaldiei esker. Aurtengoa XVI. edizioa da eta argazkilariak Jesus Maria Zabalza donostiarra, Antoni Campañà kataluniarra, Claudio Corradini italiarra, Fidel Raso sestaoarra eta Teresa Landaluce, emakume bakarra, dira.

p046_f01_140x232.jpg

GARA

Guztira bost argazki erakusketa bisitatu daitezke egun hauetan Zarautzen Argazkien Bilera 2008 kultura ekimenaren barruan. Duela hamasei urtetik herriko Photomuseumak urtero egiten du gonbidapen hau, eta horretarako Udalaren eta hainbat arte galerien laguntza izaten du. Horiek hala, erakusketak Photomuseumean bertan, Zazpi eta Bidea arte galeria pribatuetan, eta Sanz Enea eta Torre Luzea udal-erakustokietan daude ikusgai.

Argazkilariei dagokienez, aurtengoan Jesus Maria Zabalzaren, Antoni Campañàren, Fidel Rasoren, Claudio Corradiniren eta Teresa Landaluceren lanak hautatu dituzte. Argazki Bileraren aurreko edizio batzuetan hainbat argazkilariren arteko nolabaiteko lotura bilatzen saiatu badira ere -estiloari, gaiari edo dena delakoari erreparatuta-, aurtengoan «askotariko» begirada «irekia» eskaintzea erabaki dute.

Argazkilari bakoitzak, beraz, arima propioa erakusten du erakustoki bakoitzean; «begirada pertsonala», azken finean. Estatu espainoleko argazkilaritza ulertzeko Antoni Campañà i Brandadas (1906 Girona-1989 Bartzelona) kataluniarrak Sanz Enean maiatzaren 5a arte ikusgai duen «Recull Antologic» erakusketa ikusi behar da antolatzaileen hitzetan. Campañà 1914an hasi zen argazkilaritza munduan murgiltzen Rafael Garrigarekin lanean hasi zenean. 1920ko hamarkadan Bartzelonako bromoleo teknika erabiltzen zuen argazkilari-positibatzaile garrantzitsuena izan zen. Ikasketa ugari egin ostean nazioartean arrakasta izugarria lortu zuen, eta bere lanean eszena arruntak dira nagusi. Ortiz-Echagüe argazkilariaren hitzetan, «ezerezaren argazkilaria» izan zen.

Jesus Mari Zabalza donostiarraren lanak, berriz, «Harresia» izenburupean bilduta daude, eta hau ere maiatzaren 5a arte izango da ikusgai Photomuseumean bertan. Zabalzaren irudiek, izenburuak argitzen duen moduan, harresien inguruan hitz egiten dute. Photomuseumeko ordezkariek esandakoaren arabera, Zabalzak «Baskoniako lau harresien ikuspegi bat eskaintzen du», hau da, garai bateko adierazgarri historikoak orain kulturgune bilakatuak.

Teresa Landalucek, Argazki Bilerako aurtengo emakume bakarrak, «Autoerretratuak» erakusketa ekarri du Zarautzera. Landalucek autoerretratuez haratago, horien atzean bizitzako uneak ikusten dituela dio: «nire jarrera eta nire lekuen egunkari gisa». Izan ere, «ateratzen ditudan argazki guztiak ez al dira autoerretratuak? Ez al dira munduari buruz dugun ikuspegia?», galdetzen du.

Argazkilari honen erakusketa Bidea galerian ikus daiteke apirilaren 6a arte, eta irudi horiek guztiak ikusita Landaluce bera ezagutu daiteke: «Autoerretratua egitea nahita egindako ekintza bat da, baina neure burua azaltzen dudan argazkietan, aurrez pentsatugabea den une bat islatzen saiatzen naiz. Bat-batean, neure irudia agertzen da eskaparate edo leihoren batean. Eta une horretan, ezezagun gisa ikusten dut neure irudia. Urrunetik arrotz ikusten dut neure burua, eta egoera hori aprobetxatzen dut argazkia ateratzeko».

Fidel Raso Sestaoko argazkilaria da. Maiatzaren 5a arte ikusgai egongo da bere lana Torre Luzea erakustokian, eta «Ceuta, hiria eta muga» izenburupean bildu ditu bertan ikus daitezkeen argazkiak.

Photomuseumeko arduradunen hitzetan, Rasok Ceutari buruzko bestelako ikuspegia erakusten du. Izan ere, Tamara Crespo «El faro de Ceuta» egunkariko kazetariak dioenez, Ceuta hiria eta muga da. Maroko herrialde azpigaratuarekiko muga». Cresporen iritziz, sestaoarrak hiriaren berezkotasunak «era egokian» islatzen ditu. «Ceuta kulturaren arragoa da eta izan da. Ceutan eliza katolikoen kanpai hotsak zein meskitetako minareteetatik errezorako egiten diren deiak entzun daitezke. Gabonak, Yorn Kipurra, Ramadana eta Diwalia ospatzen dira», gaineratu du. Hori guztia antzematen da Rasoren irudietan.

Zarauzko Argazkien Bilerako azken erakusketak «F1 barnetik» du izena eta Euskal Herrian bizi den Claudio Corradini italiarraren lanak biltzen ditu. Honakoak Zazpi galeria du kokaleku apirilaren 5a arte, eta argazkilariaren bi zaletasunak biltzen ditu: argazkilaritza eta automobilismoa.

Izan ere, Corradinik berez mekanikari lan egiten du automobilismo lehiaketetan. Zazpi galeriatik argitu dutenez, Corradinik «ikuspegi fotografikoa bere lan mundura eraman nahi du. Horregatik, erakusketa honetan ikusgai dauden irudiak automobilgintza munduko txapelketan ateratakoak dira. Kolore masen arteko jokoak eta forma desitxuratuak bilatzen dituela nabarmendu behar da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo