GARA > Idatzia > Euskal Herria

Akuakultura jardunaldiak egingo dituzte ostegunean eta ostiralean Mutrikun

GARA |

Mutrikuko Institutuak akuakultura jardunaldiak prestatu ditu hirugarren aldiz. Oraingoan, itsaso eta ibaien birpopulatzea dute helburu eta aditu talde polita bildu dute. Hainbat ekitaldi izango dira heldu den ostegunean eta ostiralean Zabiel Jauregian, eta herritarrek doan parte hartu ahalko dute horietan guztietan. Hala ere, tokia mugatua denez, aldez aurretik izena eman beharra dagoela jakinarazi dute antolatzaileek. www.mutrikubhi.net webgunean egin daiteke, edo osterantzean faxez, datuak 943 604 254 zenbakira bidalita.

Apirilaren 3an, 9.15ean jardunaldien hasiera ekitaldia izango da, eta ondotik, 10.00etan, lehenbiziko aditu gonbidatuaren azalpenak aditu ahalko dira. Jose Carlos Mariño Itsas Zientzietan doktoreak eta Galiziako itsas espezieen birpopulatze planaren koordinatzaileak herri horretako egitasmoak ezagutaraziko ditu.

Atsedenaldi labur baten ondoren, euskal kostaldearen balizko birpopulatzeaz solastatuko dira. Hausnarketarako elementuak jarriko ditu mahai gainean Lorenzo Motos AZTI-Tecnaliako Itsas Ikerketa saileko zuzendariak.

Hurrengo ekitaldian amuarrainei jarriko diete arreta eta beren birpopulatzearen eragin genetikoa aztertuko dute espeziearen populazio naturalean. Maria José Madeira García ikerlaria izanen da bertan, Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia fakultateko kidea.

III. Akuakultura Jardunaldien lehenbiziko eguneko egitaraua bete-betea da, baita bigarren egunekoa ere. Goizean goiz hasiko dira ekintzak; 9.00etan Aingiraren errekuperazio planak izanen dituzte gogoetarako gai. Estibaliz Díaz AZTI-Tecnaliako ikerlariak kudeaketa irizpideak emanen ditu.

Ibai karramarroa eta izokina

Hurrena aztertuko duten animalia ibai karramarroa izanen da. 10.00etarako Felix Royo Albaitaritza Zientzietan doktorearen hitzaldia dago iragarrita, «Ibai karramarroa berreskuratzen. Laborategitik uretara» izenburukoa.

Ekitaldiz ekitaldi aitzinera joango dira jardunaldiak eta 11.30ean azkeneko gonbidatuari emango diote hitza: Iñigo Mendiola Gipuzkoako Aldundiko Basa Animalien saileko buruari. Gipuzkoan izokina berreskuratzeko prestatu duten egitasmo bat plazaratuko du, baita arrain populazioen kudeaketaren adibide bat eman ere.

Mendiolak bere hitzaldia bukatzean, eguerdiko ordu bata aldera, jardunaldien amaiera ekitaldia egingo dute. Interesa duten ikasle, langile eta herritarrek akua01@mutrikubhi.net helbide elektronikora mezu bat igorri eta informazio gehiago jaso dezakete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo