ACB Liga
Benetako aurpegia zein den argitu behar du Baskoniak
Baskoniak irabazteak Iurbentia Bilbao Basketi mesede egingo lioke, play offetan sartzeko lehian gertuen dagoen aurkaria baita Kanaria Handia. Singletonek minutuak izango ditu, Muonekek ez baitu jarraituko
TAU BASKONIA-KANARIA HANDIA
GARA | GASTEIZ
Unicajaren aurka 24-10 galtzen hasi zen Tau Baskonia, baina 26-60ko partzial ikaragarri bat lortu ostean 50-70 aurreratu zen talde gasteiztarra. Bi aurpegi arras ezberdin ditu Tau Baskoniak.
Zein da, ordea, benetakoa? Unicaja aurretik eraman zuen hura agian? Grupo Begar Leónen aurka ganorarik gabe azaldu zena, akaso? Galdera horri behin betiko erantzuteko ordua dute Neven Spahijarenek. Horiek hala, 19.30ean hasita, Kalise Kanaria Handiaren aurka abagune berri bat izango dute benetako aurpegia zein den erakusteko.
Sorpresa itzelik gertatu ezean, ACBko Liga Erregularreko buru Real Madril izango denez, bigarren lekua dute xede gasteiztarrek. Beraz, Kanaria Handiari irabaztea derrigorrezkoa dute arabarrek.
Horren harira, nabarmentzekoak dira Neven Spahijak berak atzo esandakoak. Entrenatzaile kroaziarrak honakoa adierazi zuen: «Esan izan dut ez ditudala taldeak neurketetan izaten dituen gorabeherak ulertzen. Azken partidak erakutsi behar digu erasoan zein defentsan lan bikaina egiteko gai garela. Orain kontua da Unicajaren aurka erakutsitako maila hori gainerako partidetan errepikatzea».
Azkenik, esan behar mesede ederra egingo liokeela Tau Baskoniak Iurbentia Bilbao Basketi gaur arratsaldean garaile suertatuko balitz. Salva Maldonadorenak sailkapeneko bederatzigarren lekura igo dira ostegunean Granadari irabazteari esker. Play offetatik postu bakarrera daude kanariarrak, bilbotarrengandik garaipen bakarrera hain zuzen eta, hori gutxi balitz, basket averagea beren alde dute.
Muonekeren agurra
Bestalde, atzo arratsaldeko 20.00etan amaitu zen ACB Ligan jokalari aldaketak egiteko epea. Horretaz gain, ostegunean bertan amaitu zen Gabe Muonekek Baskoniarekin zuen lotura.
Antza, talde gasteiztarrak nigeriarrari kontratua beste hilabete bat luzatzea eskaini zion, baina Muonekek denboraldia amaitu arte luzatzea eskatzen zuela-eta, kluba eta jokalaria ez ziren akordio batera iritsi.
Hala, James Singletonek hartuko du Muonekeren lekua. Hegal-pibot estatubatuarrak Euroligako neurketak jokatu ditu lesioa gainditu ostean, eta deialditik at geratu ohi zen ACB Ligako neurketetan. Orain, ordea, minutuetan frogatu beharko du zaleek berarengan duten itxaropena merezitakoa den edo ez.
Spahijaren arabera, «gero eta hobeto dago Singleton. Konfiantza falta zaio topera egoteko».