BERRIA Koldo Aldabe 2008/3/27
Buda eta lege zaharrak
Aberri Eguneko EAJren mitinean Tibeteko bandera handi bat ageri zen oholtza gainean. (...) egunotako gertaera lazgarriak eta errepresioa aintzat harturik, ez zen batere harritzekoa bandera hori ikustea EAJren mitinean. Aitzitik, martxoaren 14an, tibetar independentistek dozenatik gora han -haurrak barne- hil zituztela kontuan hartuta, ez zirudien politikoki egokiena jelkideen artean bandera hura hain leku ikusgarrian kokatzea.
Izan liteke EAJri axola ez izatea tibetarren independentziarako borrokan indarkeria erabiltzen hasi izana; izan liteke, indarkeriazko adierazpen horiek gaitzetsi arren, tibetarrei elkartasuna adierazteko modu bat izatea, jasaten ari diren errepresioa kontuan hartuta; izan liteke Txina gaitzetsi beharragatik bestea ahaztea edo ahaztaraztea; edo izan liteke Mendebaldeko hedabide nagusiek martxoaren 14ko gertaerak ezkutatu dutelako EAJn horren berririk ez izatea. Zentsura Tibeten ez baitu Txinak bakarrik ezartzen.
Martxoaren 14 hartan, Tibeteko irudirik gabe, Indiako eta Nepalgo tibetar manifestarien aurkako polizien oldarraldiak eskaini zituzten. Hanen hilketen irudirik ez zegoen (...).
Buda alboratu eta bestelako borroka moldeei ekin dieten tibetarrei propaganda ez egitearren, Pekinek errepresioa zuritzeko erabil ez dezan edo Txinaren aurkako kanpaina belztu ez dezan izan den ez digu argituko Olinpo mendiko ekintza ikusgarria egin zuen Reporters Sans Frontieresek.
Baina argi gera bedi: zutabe hau ez da Txina zuritzeko, are gutxiago tibetarrak gaitzesteko.