GARA > Idatzia > Euskal Herria

Abertzaleen batasunerako deia egin dute diasporatik

Estatu espainolak eta frantsesak, «etengabe», Euskal Herriaren aurka egiten dituzten erasoen eta eskubide urraketen aurrean, herritarrek bat egin dezaten dei egin du Ameriketako Euskal Diasporaren Nazio Eztabaida Guneak. Burujabetza lortzeko bidea ere batera egitea aldarrikatu du.

p019_f02.jpg

GARA |

Ameriketako Euskal Diasporaren Nazio Eztabaida Guneko partaideek, igaro berri den Aberri Egunaren karietara, abertzaleen arteko batasunerako deia egin dute Euskal Herriaren burujabetza erdiesteko bidean. Nazio Eztabaida Gunearen Adierazpenarekin bat egiteaz beste, Euskal Herriaren eskubideen alde konpromisoak hartzeko garaia dela aldarrikatu dute.

Martxoan izenpeturiko manifestuan, Cesar Arrondok, Santiago Bereziartuak, Jose Domingo Ormaetxeak, Mariana Fernández Castellik eta Gloria Zuazolak sinaturiko idazkian, burujabetzaren aldeko deia egin eta tenore horretan konpromisoak hartzeko garaia dela dio Ameriketako Euskal Diasporaren Nazio Eztabaida Guneak. «Gure herriak benetako bake iraunkorra erdiesteko behar dituen benetako beharrez jakitun izanik, Nazio Eztabaida Gunearen Adierazpenarekin bat egiten dugu. Hala, Estatu espainolaren eta frantsearen aldetik gure eskubideen urraketa eta beraien aurkako eraso etengabeen aurrean, herri gisa indartsu batasunak soilik egingo gaituela ziur jakinda, denok, elkarrekin independentzia berreskuratzeko bide irmoena eta zuzenena elkarrekin eraikiz», dio Ameriketako Euskal Diasporaren Nazio Eztabaida Guneak.

«Bakoitzaren konpromisoa»

«Gure herriak, gaur inoiz baino gehiago, hitzak baino ekintzak behar ditu, bai eta gutako bakoitzaren konpromisoa eta kemena ere, zor zaigun eta geurea den eskubidea egi bilakatzeko: gure lurretan herri burujabea izatea», gaineratzen du idatziak.

Otsailaren 23an ere, «Nazioa gara. Zazpiak bat. Burujabetzaren alde» goiburupean, euskal herritarrok Aberri Eguna batera eta elkarrekin igarotzeko eskakizuna egin zuen, ohar bidez, Ameriketako Euskal Diasporaren Nazio Eztabaida Guneak. Eta Euskal Herrian Nazio Eztabaida Guneak egin bezalaxe, 2008ko Aberri Eguna euskal herritarrek subiranotasunaren bidea elkarrekin egiten hasteko eguna izateko desioa ere azaldu zuten. «Ukaezina den errealitatea da nazio bat garela» esanez hasten da Aberri Egunerako osatu zuten idazkia, eta ziurtasun horri eutsiz, Euskal Herriaren eskubideak erdiesteko eta herria eraikitzeko, euskal herritarren arteko elkarlanaren beharra nabarmendu zuten.

Nazio Eztabaida Guneak berak ere, Irun eta Hendaia batu zituen Aberri Eguneko ekimen bateratuaz hitz eginez, abertzaleean arteko elkarlana ezinbestekoa dela nabarmendu zuen. Pozik agertu zen, Euskal Herria herri gisa eraikitzeko eta bere eskubideak lortzeko bide bateratua adosteko nahia eta borondatea badagoelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo