Top 14
Aviron Baionakoa mendean hartu du Stade Français-ek
Zuri-urdinek hutsune asko izan zituzten, eta horrek ondorioak izan zituen
Jon LEUNDA | BAIONA
Avironek neurketa zaila zuen atzo Stade Françaisen aurka, eta zuri-urdinek ezin izan zuten ezer egin, parisekoak askoz ere gehiago izan baitziren, eta merezimenduz lortu zuten garaipena.
Hauxe izango da Avironentzat aurtengo unerik txarrena. Joko aldetik behera egin dute, eta hori gutxi balitz, hutsune asko ditu, jokalari garrantzitsu asko baitaude min hartuta, eta horrek ere eragin handia du taldearen emaitzetan. Atzo aurkaria baino gutxiago izan ziren.
Satde garaipenaren bila etorri zen Lapurdiko hiriburura; lehen minututik ikusi zen hori. Bezperan Biarritzek galdu egin zuen, eta atzeko taldeei aldea kentzea zuten helburu, eta hirugarren postu hori segurtatu, gero finalerdiak jokatu ahal izateko.
Eskasetan eta uztartzetan berehala hasi ziren nagusitzen, eta hamargarren minuturako 0-10 aitzinetik ziren. Lehen minutu horien ostean, erritmoa apur bat jaitsi egin zuen; hala, Edmondsek lehen entsegua egin zuen zuri-urdinentzat, eta Dourthek transformatu egin zuen. Bazirudien horrek suspertzeko balio zezakeela, baina ez zen horrela izan; Pariseko taldeak berriro ere agintea hartu zuen, eta bi entsegu jarraian eginda aldea handitzea lortu zuen.
Bigarren zatian ere gauzak ez ziren batere aldatu, eta kanpotarrak nagusi izaten jarraitu zuten; amaieran garaipena erraz eskuratu zuten. Avironek ahal zuena egin zuen, baina atzo aurrez aurre berak baino talde hobea izan zuten.