GARA > Idatzia > Ikusmira

Aldundiaren babesa ez da babesgabeentzat

Bizkaiko Herri Lanetako ahaldun Iñaki Hidalgok atzo BECen, Eraikuntza, Ekipamendu eta Instalazioaren Azokaren (Construlan) hasiera ekitaldian, esan zuen Aldundiak babestu egingo duela sektore hori egungo krisiaren eragina arintzeko. Hartara, Bizkaiak ehunka euroren obra zibila duenez, enpresa horiek «galeren eta irabazien kontua orekatu» ahal izango dute. Halere, ahaldunaren kezkak enpresariena berena baino handiagoa ematen du, Bizkaiko Etxegile Sustatzaileen Bazkuneko (Ascobi-Bieba) presidente Manu Galindezen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sektoreak ez baitu krisi hori nabaritu; hain zuzen, obra zibila dutelako sostengu. Azken urteetan beste leku askotan baino askoz etxebizitza gutxiago eraiki dituzte. Horrekin zerikusi handia izan du, jakina, babes ofizialeko etxebizitzek mozkin tarte txikiagoa emateak, eskaria egon dagoen arren.

Aldi berean, Espainiako Bankuak finantza-egonkortasunari buruzko txostenean dioenez, ustezko likidezia-krisia ez da arazoa izango kredituak nahi dituzten enpresentzat. Krisiaren eragina herritar askok nabaritzen dute enpresa horiek baino askoz larriago, baina horiei ez diete krediturik eskainiko. Azken urteetan etekin ikaragarriak lortu dituzten enpresariekin baino ez dira eskuzabal jokatzeko prest. Bizkaiko Herri Lanetako ahalduna bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo