GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Arkaitz Zarraga Azumendi Euskara irakaslea eta Muxikako gurasoa

Muxikan ez dago planik

Udalaren komunikazioek ez dute udalbatzan hartutako hizkuntz irizpiderik errespetatzen, udal lan-poltsek ez dute hizkuntz irizpiderik eta euskara ikasi nahi dutenentzako laguntzarik ez da inon aurreikusten

Muxika UEMAn dagoen herria da, hau da, bere biztanleen %80tik gora euskaldunak dira; kopuru hori %90etik hurbilago egongo da seguruenik. EBPNren arabera, bereziki zaindu beharreko gune euskaldunenen artean dago, noski, baina, gainera, herriak euskaraz bizitzeko erabakia hartu zuen beste hainbat herri euskaldunekin UEMAn sartzean.

Bertako Urretxindorra eskolan euskara izan da nagusi beti: batzarrak, eskolak, irakasle-guraso harremanak... Izan da euskaraz jakin ez duenik, baina itzulpenen bidez edo aparteko azalpenen bidez, inor ez diskriminatzea bilatu izan da. Ezin da ukatu hala ere, tira-biraren bat edo beste izan dela inoiz; eta horrelakoetan sortzen den egoera inorentzat ere ez da erosoa izaten.

Horrelako pasarte pare baten ostean, guraso elkartekooi euskara klaseak eskaintzeko aukera aztertzea egokia iruditu zitzaigun. Jendea apuntatuko ote zen zalantza genuen, baina ezezkoari aldez aurretiko beldurrik izan ez eta proposamena luzatu egin genuen. Alboan dugun Gernikan, hain zuzen ere, umeen guraso, aitite-amama, zaintzaile, dendari, dendari, enpresari, etorkin eta beste hainbat herritarrek debalde daukate (20 euro urtean) euskara ikastea. Ez dezagun ahaztu, ikasleentzat eskubidea ez ezik, besteontzat beharrezkoa ere badela, izan ere, euskaraz bizi ahal izateko solaskideek ere jakin beharko dute.

Gure harridurarako bederatzi gurasok eman zuten izena. Aurrekontuak eskatuta, euskararentzako beste inolako gasturik egiten ez zenez, klaseekin hasteko aukera izango genuela pentsatzen hasi ginen. Euskaltegikoei ere prestatzen hasteko abisua eman genien, baina zein izan zen gure sorpresa! Alkatearen idazkariak eman zigun abisua. Hasieran %25 eta beste horrenbeste amaieran.

Azkenean, arre edo ixo egin behar genuen. Klaseekin aurrera ez egitea erabaki genuen eta horrela esan genion Udaleko idazkariari. Haserre antzean galdetu zigun ea zer espero genuen!, ea klaseak debalde gura genituen...!

Eskolak jaso gura zituzten gurasoak zain-zain genituen. Hasteko irrikaz. Azkenik ez genuen adorerik izan klaserik ez zela egongo esateko eta, erdi-boteprontoan, eskolak gurasook emango genituela erabaki genuen. Gure asmoa ez da AEK-k edo Gernikako Udal Euskaltegiak egin behar zuten lana betetzea, ezta gutxiagorik ere.

Gaur egun bi hilabete dira klaseak hasi genituela. Gure balorazioa oso positiboa da. Asistentzia itzela, ikasteko gogoa haziz doa, jarrerak ikaragarri hobetu dira eta, gehienetan, ingurukoen onarpena eta sostengua ere izan dute.

Muxikan, beste herri askotan bezala, etxe berriak egin dira eta jende asko etorri da bertara. Batzuk herrikoak bertakoak dira, beste batzuk inguruko herrietakoak eta beste batzuk urrunagokoak. Baina zalantzarik gabe, ur zikinen sareak, zabor-bilketa, haurtzaindegia handitzeko obrak eta abar aurreikusi behar diren moduan, hizkuntzaren normalizazioa ere kontuan izan behar da: auzokide berriei gure errealitatearen berri eman, gurasoak euren seme-alabekin euskaraz hitz egitera animatu, euskaraz ez dakienari ikasteko dituen aukeren berri eman...

Baina gure herrian normalizazio planik badago, ez da orain dela urte batzuk tiraderatik atera. Inoiz egon bazen, baloraziorik ez da egin eta, ondorioz, plan berririk ere ezin onartu. Udalaren komunikazioek ez dute udalbatzan hartutako hizkuntz irizpiderik errespetatzen, udal lan-poltsek ez dute hizkuntz irizpiderik eta euskara ikasi nahi dutenentzako laguntzarik ez da inon aurreikusten. Horrexegatik diot ez zaidala batere egokia iruditzen Gernika, Getxo, edo Lanestosako herritarrek eta Muxikakoek eskubide ezberdinak izatea euskara ikasteari dagokionez. Guztiok dugu euskara jakiteko eskubidea; euskaldun guztiok dugu gure auzokoek euskaraz jakin dezaten eskubidea.

Nik bi proposamen ditut nahi duenak eztabaida ditzan: lehenengoa, Helduen Euskalduntze Alfabetatzea den zezenaren adarrei Eusko Jaurlaritzatik bertatik heltzea. Bigarrena, axolagabekeria agertzen duten udal eta instituzioei isunak ezartzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo