GARA > Idatzia > Errugbia

Ohorezko Maila

Ordiziak irabazi egin behar du maila nagusian jarraitzeko

Gipuzkoarrek Alcobendas hartuko dute azken jardunaldian, eta bi talde horien artean dago jaitsierako azken postua. Irabazteak bakarrik balio du

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Amaitzera doa Ohorezko Maila, eta Ampo Ordiziak maila nagusian jarraitzeko txartela azken jardunaldian erabaki beharko du. Arerio zuzen bat, Alcobendas, izango du aurrez aurre. Garaipena lortzen duenak Ohorezko Mailan jarraituko du, eta galtzen duenak, ordea, Ohorezko B Mailan jokatuko du heldu den urtean.

Ampo Ordiziak duen taldea ikusita, etxean, Trevijanoko zelaian egin dituen partidak ikusita, zaila egiten da sinestea azkeneko jardunaldira jaitsierako postuan heldu dela. Etxetik kanpo, ordea, oso puntu gutxi atera ditu, eta horren ordaina da hau.

Hala ere, dena bere esku dauka. Etxean, bere zaleen babesean jokatuko baitu taldeak azken partida hau, eta garaipen batek dagoen lekuan jarraitzeko aukera emango dio. Orain dela bi aste, sailkapeneko lehena iritsi zen Ordiziara. Mailako talderik handiena da El Salvador, baina goierritarrek irabazi egin zioten; beraz, inork gutxik uste du Axio Arañak zuzentzen duen taldeak bihar ez duela bere helburua lortuko.

Hala ere, zuzendaritzako kideeek, eta entrenatzaileek garbi utzi dute ez dela konfiantza larregirik behar, eta sailkapeneko lehenengoaren aurka bezalaxe atera behar dela Alcobendasen aurka. Denboraldi oso bat dute jokoan, eta lortzea horrenbeste kostatakoa zaleen aurrean galtzea oso mingarria izango litzateke. Zaleei ere eskari bat egin nahi diete. Denboraldi osoan, 1.200 ikusletik gora batu izan dira Trevijanon taldea animatzeko, baina biharko dei berezia egin dute, bertan izan eta taldea bultza dezaten. Norgehiagoka, 12.30ean hasiko da.

Ohorezko Mailan dauden beste bi euskal taldeek ez dute ezer jokoan. Spyro Bera Berak mailari eusteko txartela pasa den igandean lortu zuen, eta lasai joango da Madrilera Pozuelo taldearen aurka jokatzeko. Partida 12.30ean hasiko da.

Oren erdi bat lehenago ekingo dio Getxok Bartzelonaren aurka jokatuko duen partida. Bizkaitarrek denboraldi bikaina egin dute, eta zaleen aurrean beste garaipen batekin agurtu nahi dute denboraldi hori.

Kopa

Nesketan, Espainiako Kopako lehen fasea jokatuko da, eta bertan izango dira Gaztedi, Gasteizkoa eta Getxo. Arabarrak Logroñon arituko dira gaur eta bihar. Gaur, 19.00etan hasita, Pozuelorekin jokatuko dute. Bihar, 10.50ean Malaga izango dute aurrean, eta bi oren geroago, Bartzelona. Getxo, berriz, Tarazonan, Zaragozan, arituko da. Gaur, 19.00etan Santboianarekin lehiatuko da. Bihar 10.50ean, Coruña izango du aurrean, eta bi oren geroago, berriz Majadahonda. Multzo bakoitzeko bi onenak sailkatuko dira finalerdietarako.

Zaleak

Ordiziako zuzendaritzak dei egin die taldearen jarraitzaileei, Trevijanora joan daitezen taldeari bultzada emateko. Orain arte zaleen babesean partida onak egin dituzte, eta oraingo honetan ere, denen artean mailari eustea lortuko dutela uste dute.

Besteak

Spyro Bera Berak eta Getxo Arteak egin beharrekoak egin dituzte azken jardunaldira heldu aurretik, eta ez batak, ez besteak ez du ezer jokoan. Donostiarrek Madrilen jokatuko dute Pozueloren zelaian, eta bizkaitarrek Bartzelona hartuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo