GARA > Idatzia > Kultura

Sholokhov eta Kafkaren lan bana «Literatura Unibertsala» sailean

Olga Martinez de Marigortak eta Roberto Serranok euskaraz irakatsi diote Mikhail Sholokhovi. Horren lekuko da plazaratu berri duten idazle sobietar handiaren «Don ibaiko ipuinak». Kafka, berriz, aspaldi hasi zen euskaraz egiten, baina hemendik aurrera, Naroa Zubillagari esker, Pragakoaren «Bizian argitaratuak» ere eskura izango du irakurle euskaldunak.

p052_f01_147x104.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

Lakuako Gobernuaren eta EIZIE itzultzaile elkartearen lankidetzan, «Literatura Unibertsala» bildumako bi liburu berri plazaratu dituzte Elkarrek eta Alberdaniak: Mikhail Sholokoven «Don ibaiko ipuinak» eta Franz Kafkaren «Bizian argitaratuak». Olga Martinez de Marigortak eta Roberto Serranok euskaratu dute lehena; bigarrena, berriz, Naroa Zubillagak.

Mikhail Sholokhov (1905-1984) Sobiet Batasuneko idazlerik adierazgarrienetako bat izan zen. Baserri batean jaio zen, Don ibai ertzetan, eta, arrakasta lortu ondoren Moskura joateko aukera izan zuen arren, bertan geratu zen hil arte. Txikitan, eskolarik ez eta bere formazioa zeharo autodidakta izan zen. Komunista zen eta gizarte berri baten alde egin zuen bere obra guztian. Nobel Saria eman zioten 1964an.

«Don barea» tetralogia da bere lanik handiena, baina Roberto Serranok atzo esan zuenez, gaur egun gehienbat ipuinengatik da ezaguna, Errusiako institutuetan-eta, horiexek irakurtzen dituzte-eta. «Don ibaiko ipuinak» liburua 1926an argitaratu zuen lehen aldiz, baina geroztik, ia urtero, edizio berriak egin zituen, ipuin berri batzuk sartuz eta beste batzuk kenduz. Gonzalez de Marigortak eta Serranok hamar aukeratu dituzte eta horiexek osatzen dute «Literatura Unibertsala» bildumarako prestatu duten liburua.

Ipuinok islatzen dituzte 1917ko Iraultzaren ondorengo gerra zibilaren garaiko gertaera latzak, Sholokhovek bete-betean bizi izan zituenak. Apaingarririk gabe ematen du soldadu gorrien eta zurien arteko borroken berri, baita kosakoen eguneroko bizimoduaren berri ere.

«Kakalardoa» baino gehiago

Estilo aldetik, elkarrizketen bizitasuna eta deskribapenen zehaztasuna nabarmendu zituen Gonzalez de Marigortak.

Ezaguna da Franz Kafkak (Praga, 1883-Kierling, Austria, 1924) argitaratu gabeko lan asko utzi zituela. Are gehiago, lan horiek -«Prozesua» edota «Gaztelua» barne- suntsitzea agindu zuen. Bere lagun Max Brodek, ordea, ez zion jaramonik egin eta, horri esker, pixkanaka-pixkanaka argitara atera ziren. Naroa Zubillagak, baina, Kafkak bizirik zela plazaratu zituen lan guztiak bildu eta horiek bakarrik euskaratu ditu. Guztiak, «Itxuraldaketa» izan ezik, hori aspalditik baitago euskaratuta.

Sei dira «Bizian argitaratuak» osatzen duten lanak, zehatz-mehatz, «Epaia», «Sugilea» -Kafkak bukatu gabe utzi zuen nobela proiektua-, «Zigor kolonian», «Kontenplazioa», «Landa medikua» eta «Gosearen artista». Baina aipatutako azken hiru horiek ipuin bildumak dira. Beraz, 139 dira, guztira, Zubillagak euskaratutako kontakizunak.

«Kafka entzun orduko, kakalardoarena datorkigu burura -esan zuen itzultzaileak `Itxuraldaketa' ospetsua gogoan- baina Kafka hori baino askoz gehiago da eta, hain justu, hori agerian uztea izan daiteke liburu honen berezitasunik handiena. Kakalardoarenetik aparte, Kafkaren literatura benetan ezagutzeko aukera paregabea dela iruditzen zait, `kafkatzeko' aukera, alegia».

Izan ere, «Bizian argitaratuak» liburuan, Pragako idazleak bere-bereak dituen absurdoa eta gizaki modernoaren ezinegon, beldur eta etsipena aurkituko ditu irakurleak, sarri umore beltzak eta ironiak zipriztinduta. Baita horren ezagunak ez diren beste ertz batzuk ere. «Esaterako, `Kontenplazioa' izenburuko ipuin bilduma izugarri lirikoa da, poema baten modukoa, eta ez dut uste oso ezaguna denik», ohartarazi zuen itzultzaileak.

Liburu plazaratu berrien itzultzaileek ez ezik, Inazio Mujika editoreak, Joseba Ossa EIZIEko kideak eta Jose Antonio Rodriguez Lakuako ordezkariak ere parte hartu zuten. Euskal literaturarentzat eta, oro har, euskararentzat «Literatura unibertsala» bildumak dakartzan onurak nabarmendu eta ekimenari eutsiko diotela berretsi zuten. Dagoeneko hainbat titulu berri daude bidean, horien artean Wilkie Collinsen «Ilargi-harria» eta Malcolm Lowry-ren «Sumendiaren azpian».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo