GARA > Idatzia > Kultura

Pablo Sarasate, Olivier Messiaen eta Ataúlfo Argenta izango dira Musika Hamabostaldiaren zutarri

Donostiako Musika Hamabostaldiaren 69. ekitaldiak Pablo Sarasate, Olivier Messiaen eta Ataúlfo Argenta omenduko ditu. «Carmen»en ikuspegi bana eskainiko dituzte Sara Barasek eta Toulouseko Operak.

GARA | DONOSTIA

Donostiako 69. Musika Hamabostaldiak abuztuaren 4tik irailaren 6ra bitarte iraungo du. Pablo Sarasate (1844-1908), Olivier Messiaen (1908-1992) eta Ataúlfo Argenta (1913-1958) orkestra zuzendaria izango dira ekitaldi horrek izango dituen erreferentzia nagusietako batzuk.

Inaugurazio ekitaldia Victoria Eugenia Antzokian egingo da. Bertan, Juan Kruz Diaz de Garaio koreografo gipuzkoarrak eta Ara Malikian biolinista libanoarrak talentuak elkartuko dituzte «Sarasate kapritxoa» lanerako. Musika Hamabostaldiaren ekoizpen honekin Pablo Sarasate biolin-jotzailea eta konpositoreari egin nahi diote omenaldia heriotzaren mendeurrena beteko den honetan.

Bizeten «Carmen» da 69. edizio honetan antzezteko hautatu duten opera lana. Toulouseko Operaren ekoizpen honetan, orain gutxi New Yorkeko Metropolitanen eta Londreseko Covent Gardenen «Carmen»en rolean arrakasta handia izan duen Nancy Fabiola Herrera kanariarrak hartuko du parte. Era berean, Kursaal Auditoriumeko agertokia Carmenen gaineko beste ikuspegi baten lekuko izango da, Sara Barasen Ballet Flamenkoaren eskutik.

Bestalde, Olivier Messiaen sortzaile frantsesa gogoratuko dute haren jaiotzaren mendeurrenean. Kursaal Auditoriumean izango diren ekitaldien artean, espainiar Orkestra eta Koru Nazionalak eta Baden-Badeneko Orkestra Sinfonikoaren emankizunak nabarmentzekoak dira.

Zuzendari handia gogoan

Era berean, Ataúlfo Argentaren heriotzaren urteurrena izango da gogoan. Argenta orkestra zuzendariak harreman berezia izan zuen Musika Hamabostaldiarekin, 40ko eta 50eko hamarkaden artean zortzi alditan izan baitzen jaialdian. Bera oroitze aldera, Espainiako Orkestra Nazionalak eta Donostiako Orfeoiak Brahmsen «Requiem alemana» interpretatuko dute, Argentari 1957an Parisen arrakasta handia ekarri zion obra.

Talentu gazteei dagokienez, Tugan Sokhiev zuzendaria eta Philippe Jaroussky kontratenorra dira aipatzekoak. Sokhievek, orkestra zuzendaritzan azken urteetako errebelazio handienetakoa denak, Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionala zuzenduko du bi ekitalditan.

Kursaal Auditoriuma Txekiar Filarmonikoaren agertoki izango da. «Le Monde de la Musique»ren iritziz, munduko sinfoniko hoberenetakoa denak egitarau bikoitza eskainiko du, Musika Hamabostaldian zuzendari lanak lehenengoz egingo dituen Manfred Honeck-en batutapean.

Azpimarratzekoak dira Victoria Eugenian izango diren beste hainbat kontzertu. Esaterako, Frank Peter Zimmermann, Christian Zacharias eta Heinrich Schiff hirukoteak interpretatuko dituzten Schuberten pianorako bi trioak; Vivaldiren musikarekin sortutako eta Ara Malikian biolinistak zuzendutako «Nire lehen lau urtaroak» haurrentzako kontzertu dramatizatua; Juan Antonio Urbeltzen «Axeri-boda» ikuskizuna; «Aingeru lakratua», Berlingo Abesbatzako ahotsek eta Kiev Balleteko dantzariek bizia emango dioten Scriabinek idatzitako errusiar liturgia ortodoxo izugarria, eta Galiziako Orkestra Sinfonikoak eta Ainhoa Artetak eskainiko duten kontzertua, XX. mendeko Hego Amerikako obra musikal sorta batekin.

Programazioa Antzinako Musikari, Musika Garaikideari, Interprete Gazteei eta Organorako konposatutako Musikari eskaini ohi zaizkien zikloek, eta Chillida-Leku inguruan egiten diren ekitaldiek osatuko dute.

Aurtengo Musika Hamabostaldiko eduki horiek guztiak aurkeztuko dituen kartela Ricardo Ugarte eskultore gipuzkoarrak diseinatu du.

Fitxa

Datak: Abuztuaren 4tik irailaren 6ra bitartean.

Egoitzak: Kursaal, Victoria Eugenia Antzokia, Santa Teresa konbentua eta Chillida-Leku.

Sarrerak: Apirilare 30a arte Hamabostaldiaren Lagunentzat eta ekainaren 23ra arte ikuslego orokorrarentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo