GARA > Idatzia > Osasuna

Partida gaur

Gaueko aukera bakarra hiru puntuak direnean

Gorritxoek berebiziko garrantzidun hitzordua dute gaur iluntzean Sadarren. Recreativori irabaziz gero, nafarrek 40 puntu eskuratuko lituzkete eta aurkari zuzen batenganako aldea zazpi puntura zabaldu.

p040_f01_199x128.jpg

GARA | IRUÑEA

Salbaziorako bidean sekulako urratsa eman dezake gaur gauean Osasunak. Horretarako, gorritxoek Recreativoren aurka garaipena lortu behar dute ezinbestean. Ez dute beste aukerarik. Izan ere, hiru puntuak eskuratu ezean, nafarrek Liga bukaera latza izango dute. Garaipena lortuz gero, aldiz, Cuco Zigandaren mutilak 40 punturekin jarriko lirateke, Recreativorengandik zazpi puntura utzi -gehi gol averagea-, eta beste urte betez Lehenengo Mailan jarraitzeko txartela kasik ziurtatuta izango lukete.

Larraintzargo prestatzailea norgehiagokak duen garrantziaren jakitun da. Hori dela-eta, gaur goizean beste lan-saio bat agindu du. Orduan emango du aditzera azken deialdia, baina azken egunetako probei erreparatuz, litekeena da Ricardo atepean egotea; Azpilikuetak, Natxo Monrealek, Krutxagak eta Miguel Flañok osatutako lauko lerroa atzeko aldean; Javi García -bi partidako zigorra bete du jada- eta Patxi Puñal euskarri lanetan; Jaroslav Plasil ezkerrean eta Juanfran eskuin hegalean; Font erdi puntan eta Kike Sola aurrean arituko dira. Beste zazpi jokalarien artean, ziurtasunik ez dago, baina baliteke Jokin Espartza gazteak berriz ere deialdian sartzeko aukera izatea.

Atzo Taxoaren egindako entrenamenduaren ostean, Ziganda lehiaren inguruan mintzatu zen. Teknikari nafarraren esanetan, «taldea ondo ailegatzen da partidara. Badakigu Ligako zein unetan gauden, eta norgehiagoka jokatzeko gogo izugarria dugu. Irabaztearekin lasai asko hartuko dugu arnasa».

Aurreko egunetan, jokalari gorritxoek -batik bat Cesar Krutxagak- goraipatu dute Sadarreko publikoak gauez jokatzen diren partidak intentsita handiz bizi dituela. Horren inguruan, Zigandak honakoa adierazi zuen: «Ordu honetan jokatzen diren norgehiagokak normalean indar eta erritmo handikoak izaten dira. Baina, hiru puntu jokoan daudela jakin behar dugu, eta horrek badu bere pisua. Izan ere, aukera gutxi egongo dira eta aurkariari opariak egitea garesti ordaintzen da. Biharkoa -gaurkoagatik- Ligak zein norabide hartuko duen zehaztuko duen partida da».

Recrerentzat ere funtsezkoa

Andaluziarrak puntu gosez helduko dira Iruñera. Egun 33 puntu dituzte eta salbatzea lortzeko falta diren zortzi partidetan gutxienez 10 puntu beharko ditu mailari eutsi nahi badio. Beraz, Sadarrek galtzeak aukerak dezente kenduko lizkioke.

Manolo Zambranok aurreko astean Athleticen aurka zigortuta egon ziren Aitor Tornavaca gasteiztarra eta Martín Cáceres berreskuratu ditu eta hasieratik arituko dira. Baita Sinama ere, zuri-gorrien aurka ikusi zuen txartela baliogabetu baitute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo