GARA > Idatzia > Editoriala

Inposizioaren ikurra Bilboko Udaletxean

Udaletxe baten aurrealdean zein banderak egon behar duen auzitegi batek esatea, alegia, nahitaez jartzeko agintzea, bitxia behintzat, bada; izan ere, demokrazia hizpide hartuta, espero izatekoa baita udal baten ikurrak herritarren atxikimendurik handiena dutenak izatea. EAEko Auzitegi Nagusiaren agindua betetzeko epea iraungi baino lehenago, gaueko ordu txikietan, Bilboko Udaletxean espainiar bandera igo zuten hango alkateak aginduta bandera hura aurrealde hartan luzerako gera dadin, duela 30 urtetik egundaino gertatu ez bezala. Bitartean, eta duela 26 urteko Bilboko Aste Nagusian Polizia espainolak indarra erabiliz bandera zenbait orduz jarri eta «bandera-gerra» delakoa piztu zuenetik, urtero goititu izan dute jai horietan denbora labur batez. Atzo Iñaki Azkunak egunero Udalaren ikur nagusi izan dadin jarri zuen.

Herritarrek berea ez duten bandera -ez baitute harekiko atxikimendurik- jartzea inposizioa baino ez da. Orain arte Lizartzako Udaletxean jarritako espainiar bandera izan da inposizio mota horren erakusgarririk nabarmenena, herritarren sostengurik ez duen alkateak bertakoen borondatearen kontra jarri baitzuen. Bilboko alkateak herritar askoren botoak jaso zituen, baina espainiar bandera udaletxean jarri izana ez dator bat inola ere bilbotarren borondatearekin.

Bandera hori, euskal herritar gehienen begietan, erabakitzeko eskubidearen eta beste hainbaten ukazioaren sinboloa da. Eta udaletxe batean jartzera behartzeak horrenbeste euskal herritarren irudipen hori berretsi baino ez du egiten. Horren aurrean, Iñaki Azkunak men egitea besterik ez dagoela uste du, nonbait, haren jarrera txalotu duten PSOEk eta PPk bezala, politika auzitegien bidez egitearen zaleek bezala, alegia.

Bilboko alkatearen erabakia, bestalde, haren alderdiaren jokaeraren isla ez ote den pentsatzeko motiborik ez da falta. Alderdi horrek herri honentzat duen proiektua Madrili, inposizioari men egitetik pasatzen ote den argitu behar luke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo