GARA > Idatzia > Euskal Herria

EHBEk abian jarri du Arrasaten lurralde osora hedatuko den dinamika

Egunetik egunera Euskal Herriko hezkuntza sistema nazionala «errealitate» bilakatzen ari dela deritzo EHBEk, eta aldarrikapen hori hedatzeko dinamika berri bati ekin dio. Atzo izan zuten hasiera ekitaldia Arrasaten eta maiatzera bitarte eskualdez eskualde ibiliko dira, hezkuntza sistema nazionalaren premia zabaldu eta bide horretan sortu diren egitasmoak ezagutarazten. «Hezkuntzaren loraldi berria indartzea» xede dutela aitortu zuten Arrasaten.

p020_f01_111x111.jpg

GARA |

Hezkuntza sistema nazionalaren aldarrikapena herriz herri barreiatzen hasia da jada. Joan den astelehenean hasi eta maiatza bitarte atsedenik hartuko ez duen ekimena da Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE) herri mugimenduak martxan jarri duena. Atzo, gainera, egun handia izan zuen, Arrasaten hasiera ekitaldia antolatu baitzuen, eta azken urteetan hezkuntza arloan lanean egon diren hainbat pertsona bertaratu ziren.

Hezkuntza sistema nazionalaren aldeko aldarrikapena indartzeaz harago, egungo hezkuntza esparruan dauden egitasmo desberdinak hezkuntza sistema nazionala antolatzeko eskubidearen logikaren baitan kokatu nahi ditu EHBEK dinamika honen bidez.

Abesbatzak eta bideo emanaldiak hutsik egin ez zuten ekitaldian, argi aritu zen EHBEko eledun Edurne Larrañaga Euskal Curriculumaz, euskal unibertsitateaz edota euskalduntzeaz.

Horiek guztiak, herri ekimenez, ikasle, guraso, irakasle eta herritarren «borondate zintzoari esker», emaniko urratsak direla adierazi zuen Larrañagak. Alde horretatik, gainera, orain arte egin izan duten bezala, martxan jarri berri duten dinamika honekin «hezkuntzaren loraldi berria indartzeko helburuz», beren harri koskorra jartzeko konpromisoa berretsi zuten herri mugimenduko kideek.

Era berean, egitasmo bakoitzaren nondik norakoak azaldu zituen Larrañagak. Curriculumaren inguruan, Udalbiltzak, Sortzen-Ikasbatuz-ek eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak eginiko hitzarmenari jarraiki «atzeraezinak» diren urratsak eman direla adierazi zuen. Alta, herri honek bere hezkuntza sistema propioa ez duen bitartean, balio arauemailerik edukiko ez duen arren, bukatzear den curriculumak balio pedagogiko, politiko, kultural eta sozial «itzela» izango duela defendatu zuen.

Sorrera fasetik aplikazio faserako jauzia ematear direla esan eta lan horretarako «nazio estrategia» bat adosteari ezinbesteko iritzi zion Larrañagak.

Eskola bidezko euskalduntzeaz ere luze aritu zen eta eskolaren bidezko euskalduntze erreala erdiesteko proposamena gal- degin zuen. Euskal Unibertsitatea aldiz, 2010-2011 ikasturterako martxan egongo dela baieztatu zuen Larrañagak.

Oinarrizko hezkuntza akordioa

Azkenik, Larrañagaren aburuz askotan behar bezala baloratzen ez den akordio bat izan zen mintzagai: Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa, Nazio Eztabaida Gunearen babesean jaiotako hitzarmena. Bertan euskal herritarrei dagozkien hezkuntza eskubideak zerrendatu eta hezkuntza publikotasunaren kontzeptu berria definitzen dela azaldu zuen.

Ekimen hauek guztiek hezkuntza sistema nazionalaren norabidea hartu dutela defendatu zuen EHBEko eledunak, eta bide horretan lan mordoa egi-teko dagoela esan eta lanari ekiteko gonbitea egin zuen, «Ikastolen ereserkia» abesteari ekin aurretik.

HERRI EKIMENAK

Euskal Herrian, herri ekimenen bidez sortutako esperientziak «ugari eta oso emankorrak» izan direla gogoratu zuen Larrañagak; horren adibide Nafarroako eskola txikiak edota Ikasleen Eskubideen Karta aipatu zituen.

DEBEKUAK

Euskal Herriari hezkuntza sistema nazionala izateko eskubidea «ukatu» egiten zaiola eta euskal herritarrei dagozkien hezkuntza eskubideak ere «urratu» egiten direla salatu zuten ekitaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo