BTT
Lasarte-Oriako BTT Trabesia bihar izango da lehenengoz bi ibilbide ezberdinekin
GARA | LASARTE
Saiatuz, Ostadar eta Batasuna taldeen artean Lasarte-Oriako I. BTT Trabesia antolatu dute igande honetarako. Trabesiaren helburua ahalik eta jende kopuru handiena mendiko bizikletan ibiltzera bultzatzea da eta, horretarako, bi ibilbide ezberdin antolatu dituzte. Batetik, 22 kilometroko luzera izango duen barrutia antolatu dute, apurka-apurka ia edonork bete dezakeena. Bestetik, 44 kilometroko zirkuitu luzeagoa ere atondu dute, BTTan esperientzia dutenentzat pentsatua. Izena emateko aukera egunean bertan ere izango da, 8.00ak eta 9.00ak artean, eta 15 euro balio du.
Irteera puntua Lasarteko Okendo plaza izango da. Txirrindulariak kale nagusitik abiatuko dira Oztaran auzoraino, eta handik «Trentxiki» izenez ezagutzen den bidetik jarraituko dute Azkorteko ermitara iritsi arte. Bertan egongo da lehen atsedenlekua; hortik Basaundi auzora jaitsiko dira parte hartzaileak. Merkabugati enpresaren atzetik igarota eta hipodromo paretik barrena, Andatza aldera hartuko dute bidea ziklistek. Handik Zubietara bueltatuko dira, eta azkenik, Okendo plazan amaituko da ibilbidea. Ibilbide motzean, Andatzako sartu-irtena txikia eta leuna izango da; ibilbide luzean buelta hori gogorragoa izango da.
Trabesia 16 urtez gorako pertsonentzat dago irekia, kaskoa derrigorrezkoa da eta parte hartzaile guztiek opari-poltsa bat jasoko dute material zozketa batean sartzeaz gain. Kiroldegiko aldagelak irekita egongo dira 14.00ak arte eta bizikleta garbitzeko gunea ere egongo da.