GARA > Idatzia > Gutunak

Josu Jimenez Maia Berriozar

Basora hiriko liburuzainarena

Gaur dela bost urte, 2003ko apirilaren 6an, heldu ziren Basora hirira soldadu atzerritarrak. Han, Alia Muhammad Baker Basora hiriko Liburutegi Nagusiko zuzendaria zen. Inbasioaren aurretik, Basora hiriko liburutegia liburuzaleen bilgune zen. Liburutegi hartan bitxi preziatuak ziren: hizkuntza guztietako liburuak, berriak eta zaharrak; besteak beste, duela seiehun urte idatzitako Mahoma-ri buruzko biografia bat.

Gerta zitekeenaren beldur, Aliak erabaki zuen liburuak toki seguru batera eramatea; gauez eta azpikeriaz, lagun eta auzokide zenbaiten laguntzarekin, liburutegiko gordailuen ehuneko hirurogeita hamarra gorde zuen: hasieran jatetxe batean, gero etxean bertan; diotenez, hogeita hamar mila liburuak garraiatzeko kamioi bat alokatu zuen.

Gaitz erdi, ezen handik bederatzi egunera, sute batek liburutegi osoa erre zuen, baita bertan gelditzen ziren liburu guztiak ere. Bitartean, Aliaren etxea liburuz bete-beterik zegoen; liburuak armairuetan, liburuak zoruan, liburuak leihoetan... Liburuak baino ez zeuden Aliaren etxean. Artean, Alia gerra noiz bukatuko zain zegoen. Gerraren bukaerarekin egiten zuen amets orduan.

Orduan eta orain. Tamalez, bost urte igaro eta gero, oraindik amets bat baino ez da. Oraindik zain dago, eta liburutegi berriarekin egiten du amets. Amets bat baino ez da, oraindik.

Shaila K. Dewan, «New York Times» egunkariko kazetaria izan zen lehena hori guztia munduari jakinarazten; eta Jeannette Winter-rek irudia eta itxura eman dio istorio hunkigarri horri: «La Bibliotecaria de Basora», (Ed. Juventud) -«Basora hiriko liburuzaina» liburua daukat eskuartean, «Irak-en gertatutako benetako istorioa» azpititulua daukana-.

«Yahoo News»-era jo dut: «Breaking news: Suicide bomber detonates at Bashra killing ten». Azken uneko albistea: hamar lagun hil ditu suizida batek Basora hirian. Irak-en gertatutako benetako beste istorio bat, bost urte pasatu eta gero; inork, inoiz, seguru asko, idatziko ez duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo