GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazteriak historia idazten duela frogatzera dator gaztesarearen urtekaria

Historiaz beteriko hamabi hilabete; borrokaz josiriko 365 egun. Irudimena, konpromisoa, antolakuntza, jaia, ametsak... horiexek dira Gaztesareko Informazioa Agentziak atera berri duen gazte mugimenduaren 2007ko urtekariaren osagaiak. Euskal gazteriak historia egiten duela ohartuta, historia horren bozgorailu eta lekuko bilakatu nahi izan du.

p021_f02.jpg

Oihana LLORENTE

Historia irabazleek idazten dutela euskaldunok aspaldi ikasitako ikasgaia dugu. Mendez mende, Estatu eta kultura menderatzaileek, beraien jarduna justifikatzeko istorio, kontakizun eta mito anitzen irakurketa inposatu digute, eta, horien bidez, menderatutako herriaren egia estali. Gaztesareko Gazte Informazio Agentziak errealitate hori irauli nahi izan du; eta herri honetan gazteriak ere historia idazten duela frogatzeko, gazteriak sortutako historia kapituluz kapitulu lantzeari ekinez, gazte mugimenduaren 2007 urtekaria kaleratu du. Gazteria protagonista eta egiletzat duen urtekaria, hain zuzen ere.

Urtarrilean hasi eta abendua bitartean, egunez egun, atsedenik hartu gabe, Euskal Herriaren luze-zabalean gazteriak egin dituen jarduera, jaialdi eta mobilizazioak bildu dituzte urtekarian. Gaztetxeen okupazio eta hustuketak, «Jarrai-Haika-Segi» auziaren inguruko gorabeherak, ikasle mugimenduak egindako makina bat ekimen, herri-jaien aldeko mobilizazioak, eta mendi martxak, besteak beste, azaldu dituzte argazki eta testuen bidez. Hala, «gazteriak bizi duen errealitate gordina eta gazteriak berak sortzen duen errealitate eraikitzailea» barnebildu dituztela argitu du Gaztesareko Gazte Informazio Agentziako kide den Alex Areizagak.

Historia, kontatu ezean, ahaztu

Areizagak argi du euskal gazteriak historia idazten duela, eta historia hori «gordina bezain polita» dela aitortu du. Alta, historia hori gazteriak berak kontatzen ez badu, inork kontatuko ez duela ere esan du, eta horren lekuko, hedabide edota historia liburuetan dagoen hutsunea gogorarazi.

Historia egitearen lan horretan, ordea, gazteriak hainbat oztopo aurkitzen dituela azaldu du; gazteria «kolektibo zanpatua eta kriminalizatua» dela ekarri du gogora, eta gordintasun hori Euskal Herrian areagotzen dela deritzo. Gainera, hedabideak gazteriaren gainean mintzatzen diren aldietan, albisteak «desitxuratuz eta modu partzialean» lantzen dituztela salatu du Areizagak.

Gazteak alper, parrandazale edota nagi gisa aurkezten direla uste du, eta horri buelta emateko gazteriak bere komunikazio tresnak sortzeko beharra duela mahaigaineratu du. «Eta sortu ditugu», gaineratu du irribarrez.

Hortxe kokatu du Gaztesareko Informazio Agentzia, gazteriaren inguruan sortzen den informazioa biltzeko eta zabaltzeko egunero-egunero egiten duen jarduna, alegia.

Eguneroko lanaz harago, urte osoan zehar jasotako informazioa kronologikoki antolatu, eta lehen urtekaria egin dute. Hilabetero gainera, gai garrantzitsu bat aukeratu, eta galeria edota erreportaje moduan sakontzeko beta ere hartu dute. Urteko errepresiboari buruzko datuek, eta 2007 urteak emandako agiri eta manifestu nagusiek ere lekua izan dute aurkeztu berri duten urtekarian.

Labetik atera berri den liburu hau gazteriak «ilusioz» hartuko duela espero du Areizagak, milaka gazte izan baitira jasotzen diren berrietako protagonistak. Ale bat eskuratzeko dauden bideak ere argitu ditu: batetik, Gaztesarearen eta «Xirika»ren egoitzetan lor daiteke, Andoainen eta Urruñan, hurrenez hurren; eta bestetik, Gaztesareko helbide elektronikoan eskaria eginda, norbere etxean posta bidez jaso daitekeela azaldu du. Aurrera begira gainera, urtekaria gazte espazio gehiagotara iritsiko dela iragarri du Gaztesareko kide honek.

Areizaga ere harrituta geratu da urtekariarekin; izan ere, eguneroko erritmo biziak ez baitu uzten, haren ustez, gazteriak egiten duen guztiaz ohartzen. «Ikusgarria da herriz herri eraikitzen dena; pentsa, egindako gauza ugari urtekaritik at gelditu dira» esan du. Hala eta guztiz ere, gazte mugimenduaren «aberastasuna eta aniztasuna» agerian geratu dela nabarmendu, eta adierazi du, gainera, Euskal Herri berri bat eraikitzen ari dela ere frogatzen duela, «gazteok amesten dugun herri horren isla» dena.

Agurtu aurretik, Areizagak gogoan izan ditu askatasunarekin amestu, eta egunero errealitate bilakatzen duten gazteak. Horiei, baita ere bidean askatasuna kendu nahi izan zaien horiei eta, bereziki, urte hasieran ondoan izan arren bukaeran urrun ziren gazteei eskaini die urtekaria, eta hurrengo urteetan ere, urtekari berriak ekarriko dituztela zin egin du Gaztesareko Gazte Informazio Agentziako kide honek. Hala izan bedi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo