GARA > Idatzia > Kultura

Pitxu Maulera iritsi da, oraingoan margolan eder eta eztitasunez beterikoak besapean ekarrita

Ez, Maskaradako pertsonaiak ez dio bat-batean artegintzari heldu. Michel Gouillardek bere margolanak sinatzeko hautatu duen izena da Pitxu. Urteetan herritik kanpo ibili ondoren, azkenik, Maulera itzuli da.

p063_f03_148X92.jpg

A. M. | MAULE

Michel Gouillard zuberotarrak berrogei pintura eder eta eztitasunez bete-beteak ekarri ditu besapean Maulera.

Teknika desberdinak erabili ditu, baina akuarela, pastel edo olio, guztietan ere bere lanei fintasuna darie. Marrazkia oinarri, dantza, jaia, musika eta emakumea dira nagusi bere lanean.

Pitxu ez da goiztiarra izan margogintzan. Hogeita hamahiru urte zituela ekin zion lanari, baina mende erdia joan arte ez du bere herrian erakusketarainoko urratsik eman.

Hasieran, Gonzalo Etxeberriak asko lagundu ziola aitortu du. Ondoren, bizitzaren gorabeherek Pariserat eraman zuten; han, marrazkigintzaren oinarriez jabetu zen. Baionako eskolan ere aritu da. Alta, koloreari dagokionez, «autodidaktatzat» du bere burua. Harridura eta poza nahasten zaizkio jendeak gustuko duela ikusten duenean.

Margotzeari ekiten dioenean, hasi berriaren zalantza eta ziurgabetasuna sortzen zaiola adierazi du: «Mihise zuria hartzen dudan bakoitzean ez dakit gauza izango naizen nire erreferentziez askatzeko, baina, aurrera egiteko, erlatibizatu egiten dut, eta gaizki ateratzen bazait lana sutara botako dudala pentsatu ohi dut. Eta, egiaz, gehienetan ondo ateratzen zait».

Bi astez izango da Michel Gouillarden erakusketa ikusteko aukera; Mauleko Ondarearen Etxeko aretoan. Larunbatetan egilea bertan izango da gainera.

WEBGUNEA

Maulera hurbiltzerik ez duenak «www.pitxu.net» webgunean izango du Michel Gouillarden poesiaz beteriko lan bikainak ikusteko aukera.

Fitxa

Erakusketa: Michel Gouillard «Pitxu»ren margolanak.

Lekua: Ondarearen Etxea, Maule.

Egunak: Apirilaren 19a arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo