GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Aitorito

Euskal izenak modan omen daude Espainian ere. Lantzean-lantzean entzuten ditut nik Iker, Ainhoa, Amaia eta halakoak telebistan. Hasieran pentsatzen dut euskaldunak izango direla, baina usteak erdia ustel

Tomas Guijarrok ihes egin behar izan zuen Francoren diktaduraren garaian, bizi behar bazuen. Madrildarra zen bera, eta komunista. Mexikon hartu zuen babesa eta Mexikoko hiriburuan ezagutu zuen emaztea ere, Juani Arrillaga elgoibartarra. Juani pilotan jokatzera joan zen Mexikora, hango frontoietara, eta hantxe maitemindu ziren bi-biak. Tomas ez da egundo itzuli bizimodu berria eskaini zion herrialde hartatik. Hantxe dago bere etxea, hura da bere herria.

Tomas gizon berbalaria da, gustuko ditu solasak. Eta kontatzen du, behin kafetegi batean zegoela erbesteratutako euskaldun batekin egin zuela topo. Euskalduna futbolari ezaguna zen Mexikon, oso maite zuten zaleek. Euskal gobernuaren alde egiteko sortu zen Euzkadi selekzioarekin joan zen Mexikora futbolaria eta bertan geratu zen bizitzen azkenean. Euzkadi selekzioko kide gehienei gertatu zitzaien hori. Ezin zuten sorterrira itzuli eta Mexikon, Argentinan eta Uruguain geratu ziren bizitzen, hango futbol ligetan profesional gisa aritzeko. Batzuen batzuk famako ere bihurtu ziren beren ligetan.

Bada futbolari hura euskalduna zela jakin bazekien Tomasek eta elkar ezagutu zutenean madrildarrak berehalaxe esan zion bere andrea ere euskalduna zela, eta hiru seme-alaba zituztela elkarrekin. Futbolariak seme-alaben izenez galdetu zion Tomasi eta honek harro izendatu zituen: Joseba Iñaki, Maite Arrate eta Begoña Itziar. Futbolariak irribarre egin zuen. Tomasi sorbaldatik heldu eta ironiaz bota zion, «nola nabari da etxean zuk agintzen duzula, hiru seme-alaba eta hiruren izenak emazteak jarritakoak». Joseba Iñaki, Maite Arrate eta Begoña Itziar. Eskerrak madrildarra eta errepublikazalea zela.

Euskal izenak modan omen daude Espainian ere. Lantzean-lantzean entzuten ditut nik Iker, Ainhoa, Amaia eta halakoak telebistan. Futbolari edo aktore ezagunen izenak izaten dira. Hasieran pentsatzen dut euskaldunak izango direla, baina usteak erdia ustel. Jarraian esaten dute Madril aldekoak direla edo gaztelauak. Izenei buruz galdetu eta ihardesten dute gurasoek maite zituztela euskal izenak eta horrexegatik deitzen direla horrela. Euskararen sonoridadea erakargarria omen da. Badu halako misterio puntu bat gureak. Baina gauzak ez dira erabatekoak. Badira bestelako adibideak ere.

Visor argitaletxeko editoreak ere hiru seme-alaba ditu. Lehenengo biek euskal izenak dituzte, halako eta bestelako. Hirugarrena jaio zenean hari ere euskal izena jartzea erabakita zuten. Aitor, hain zuzen ere. Tamalez, uda partean hondartzara joan ziren eta iritziz aldatu behar izan zuten. Jateko ordua zela eta emakume bat semeari deika hasi zitzaion. Ur hegalera joan zen eta semearen izena Aitor zenez, «Aitorito, Aitorito», hots egin omen zion emakume hark semeari. Editoreak eta andreak ez zuten zalantzarik izan. Aitor jarri beharrean aitonaren izena jarriko zioten semeari. Ez zen horren misteriotsua izango, baina tira, gaitz erdi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo