«El club de los no elegidos», Sök talde nafarraren azken diskoan gitarra doinuak nagusi
«13 Mantracks» kaleratu zutenetik urte eta erdi besterik ez da joan eta disko berria dakar jada Sök taldeak. Gitarra doinuak inoiz baino nabarmenagoak direla diote, baina kutsu esperimentala atzean utzi gabe.
Rebeka CALVO | IRUÑEA
Sök talde nafarrak bigarren lana kaleratu berri du, «El club de los no elegidos». Nu Metala jotzen hasi zen taldea, eta ordutik zortzi urte joan dira. Bost taldekideek tarte honetan «bizi izan dituzten esperientziek» hainbat ñabarduraz bete du Söken musika. Inon sailkatzekotan «rock melodiko esperimentalean» kokatuko lukete beren musika. «Rock kontzeptuaren gainean egiten dugu lan. Melodia, ahotsekin lantzen dugu eta gure musikak dituen kutsu desberdinak ikusita esperimentala dela ere esan daiteke», zehaztu du Iosu Yarza gitarra jotzaileak.
Aurreko diskotik, «13 Mantracks»tik, aldendu egin direla dio Yarzak, izan ere, orduan «gure zati bat atera genuen», eta orain, urte eta erdi besterik joan ez bada ere, «beste zati bat eskaintzen dugu». «El club de los no elegidos» beraz, rockeroagoa da, gitarra doinuak nabarmenagoak dira. «Gure ikuspuntu esperimentalari eusten diogu, noski, baina beste modu batean», esan du Yarzak.
Hitzei dagokienez ere, badago aldaketarik: «Aurreko diskoan hitz ia guztiak Juan kantariak egin zituen, eta, beraz, nahiko letra pertsonalak ziren. Oraingoan, hitz irekiagoak nahi genituen, kolektiboagoak, nolabait esateko. Gure musikaren bidez munduari zerbait esateko aukera dugu, eta hori oso gauza garrantzitsua da, beraz, munduari kritika moduko bat egin nahi geniola erabaki genuen. Gai desberdinak jorratzen ditugu, baina guztiek adierazten dute gaur egungo gizarteaz dugun ikuspuntua: kapitalismoa, neoliberalismoa; behin eta berriz entzuten dugun `demokrazia' hori zalantzan jartzen dugu...», esan du gitarra jotzaileak. Zenbait hitz maileguan hartu dituzte, izan ere, Eduardo Galeano, Noam Chomsky edo Orson Welesek idatzitakoetara jo dute. «Galeanoren esaldi bat txertatu dugu letretan, geure ustez, esanahi handikoa: `Os creéis que no nos damos cuenta de que lo que nos dais a elegir es la salsa con la que vamos a ser cocinados'», azaldu du musikariak.
Diskoaren izenburua ere, «El club de los no elegidos», horren haritik dator, eta azalak ideia berarekin egiten du bat: «Azalean, garai bateko kapitalisten itxura duten pertsonak agertzen dira mahai baten inguruan. Ez daukate aurpegirik, baina hor daude, zeruan, mundua zuzentzen. Begi handi bat dira, gu guztiok kontrolatzen».
Lotura gutxiago
«13 Mantracks» Gor diskoetxearekin atera bazuten ere, oraingoan beste modu batera egin dute lan, lotura gutxiagoz.
Horiek hala, Iruñeko diskoetxe txiki batekin, Lâbatelkuëyorekin, atera dute diskoa. Alde horretatik, «eskubide guztiak gureak dira, geu gara arduradun», adierazi dute. Lan gehiago ere eskatu die horrek, baina ez dira kikildu, «mundu hau oso zaila da, baina lan egiteko prest gaude».
Grabazioa egiteko modua ere ezberdina izan da. Horrek «freskotasuna» eman die. «Aurrekoan grabatzera sartu ginenerako abesti batzuek ia bi urte zuten, gainera grabazioa sei hilabetekoa izan zen. Gogorra benetan. Oraingoan ezberdin antolatu nahi genuen. Abestiek oso denbora gutxi zuten, eta grabazioa hiru hilabetetan egin dugu».
Ekoizle lanetan ibili den Iñaki Llarenak zerikusi handia du aldaketan. «Iñaki Sökeko seigarren partaidea da, oso ondo ezagutzen gaitu. Hori benetan lagungarria da», esan du Yarzak.
Diskoa: «El club de los no elegidos».
Salneurria: 12 euro.
Taldekideak: Juan Maravi (ahotsa eta teklatuak), Iker Ibarrola (gitarra), Iosu Yabar (gitarra), Ubaldo Puente (baxua) eta Ibai Goñi (bateria eta perkusioak).
Ekoizpena: Iñaki Llarena .