GARA > Idatzia > Euskal Herria

Besoak zabalik hartu du UEMAk partaide berria, Azpeitia

EAE-ANV, EA eta Aralarren botoekin, atzotik Azpeitiko Udala UEMAko kide da. Udalak, herriko eragileek eta Udal Mankomunitateak begi onez hartu dute erabakia «guztiek batera indar gehiago» egiteko aukera ikusten dutelako.

P024_F02.jpg

GARA |

Osoko bilkuran hala onartuta, Azpeitia atzodanik, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMAko) kide berria da. Goizeko hamarretarako zegoen deituta udalbatza berezia gaiari buruz eztabaidatu eta erabakia hartzeko, eta, ordurako, makina bat herritar bertaratu ziren batzar aretora.

Udala UEMAn sartzearen aldeko boza eman zuten EAE, EA eta Aralarrek. EAJk, berriz, kontrako botoa eman zuen. Txaloartean jaso zuten aretoan batutako herritarrek UEMAn sartzearen aldeko erabakia. Izan ere, Udalak proposatutako erabakia izanagatik, euskalgintza, sindikalgintza, hezkuntza, enpresa eta merkataritza arloko hainbat eragilek osatzen duten Euskara Mahaian eztabaidatu eta onartutako erabakia da, beraz, herritarren babes handia duen ekimena.

Arantxa Isart Udaleko Hezkuntza eta Euskara batzordeburuak adierazi zuenez, Azpeitian asko egin da euskararen alde, baina oraindik ere ba omen da hutsunerik. «UEMAn sartzea beste aurrerapauso bat izango da. Udalerri euskaldunekin batera, sarea handitu eta indartu egingo da, eta guztiok batera indar gehiago egingo dugu, lur-gune euskalduna sortzeko, eta norberak funtzio guztiak egin ahalko ditu euskaraz ».

EAJko ordezkariek kontrako botoa eman zuten eta gisa honetan arrazoitu zuten erabakia: «Administrazioek administrazioaren bideak jarraitu behar ditu, eta Eudelen baitan udal sarea sortuta dago. Eusko Jaurlaritzak baditu bere planak eta horiek bultzatzen jarraitu behar dugu, ez dugu beste erakunde paralelorik jarraitu edo sortu behar. Orain arte emandako pausoek emaitza onak eman dituzte-eta».

Azpeitia euskal hiztun portzentaje handia duen herria da. Euskaraz mintzatzen diren herritarren kopurua %90 ingurukoa da, baina, hala ere, oraindik herritarren hizkuntza eskubideak urratuta daudela salatu izan du Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz-ek. Hain zuzen, EHEk «urrats garrantzitsu»-tzat jo du erabakia, azken urteetan izan duen aldarrikapen garrantzitsuenetako bat izan baita hau.

«Batasunak indarra ematen du»

Atzo hartutako erabakiaren ostean, «gune euskaldunetan euskararen erabilera arlo sozial guztietara zabaltzea eta udal euskaldun guztiekin euskara nagusi izango den lurgunea antolatzea» helburu duen erakundea berrogehita hamarretik gora udalek osatzen dute eta uda iritsi aurretik kide berri bat gehituko zaie, Mallabia.

UEMAko lehendakari eta Aulestiko alkate Jon Bollarrek positibotzat jo zuen Azpeitiko Udalbatzak emandako pausoa, bai Azpeitiari mesede egingo diolako, bai UEMAko gainerako kideei ere egingo dielako. «Batasunak indarra ematen du, eta hizkuntza politika bateratua egiteko aukera izango dugu», nabarmendu zuen.

Udalbatzaren ostean, erabaki garrantzitsu hau ospatzeko, jaia antolatu zuten udaletxeko arkupeetan. Bertan izan ziren, besteren artean, Nekane Zinkunegi eta Sebastian Lizaso bertsolariak eta Itsasi Dantza taldeko kideak. Ondoren, hamaiketako oparoa egin zuten bertaratuko bizilagun guztiek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo