GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mutrikuko Berdel Jaia, arrain kilo asko eta parranda gehiago

Eguzkia lagun, mutrikuarrek eta bisitariek ederki pasatu zuten XIII. Berdel Egunean. Pintxo bereziak doan, produktu ugari merke erosteko aukera merkatu txikian, belaontzien arteko lehia, trikiti eta txistu doinu alaiak, abesbatzen kontzertuak, berdel pintxo dastatzea portuan... Urtero bezala, makina bat gozagarri izan zituen jaiak, eta Euskal Herriko txoko guztietako jendea joan zen Gipuzkoako kostaldeko herri horretara arrain goxoa jan eta parranda egitera.

p028_f02_097x140.jpg

GARA |

Eguna argitzearekin batera, festa usaina Mutrikuko kaleetan zabaltzen hasi zen. Gero eta jende gehiago zebilen alde batera eta bestera. Tabernetan pintxoak doan eskaintzen zituzten eta aitzakia ezin hobea zen hori koadrilarekin elkartu eta gosari legea egiteko. Batzuek parrandari ekiteko, beste batzuek gogotik egin behar izan zuten lan. Moilan eta elkarteetan lagun ugari ari zen jo eta ke jaiak aurrera egin zezan lanean.

Eguerdi aldera Txurruka Plazan bildu ziren gehienak, Bertan elkartekoek merkatu txikia zabaldu baitzuten. Denetariko produktuak eskura zitezkeen modu onean. Erosketak egin nahi zituenak aukera bikaina zuen. Azokatik berriz ere tabernetara. Batez beste 30 kilo berdel jaso zituzten tabernariek zapore eta itxura desberdineko pintxoak prestatzeko. Sukaldetik atera orduko desagertzen ziren jakiak. Ezin goxoagoak ziren seinale.

Bela eta abesbatzak

Kirolerako tarterik ere izan zen. Kalatxori bela elkarteak antolatuta, IV. Belaontzien Arteko Txapelketa egin zen. 10.00ak aldera hasi zen ontzien arteko lehia, eta 17.00ak inguruan bukatu. Kirola jaietako osagarri garrantzitsua izan ohi bada, zer esanik ez musika. Eta Mutriku ez zen salbuespena izan. Trikitilariak eta txistulariak kaleetan barna ibili ziren giroa alaitzen eta gorputz guztiak dantzan jartzen. Gainera, Zabiel Plazan herriko hiru abesbatzak kontzertua eman zuten. Estilo guztietako kantak kantatu zituzten, baina protagonismo berezia izan zuten herriko abestiek eta, batez ere, marinelek bizitako istorioekin lotutakoek.

Mutrikuarrak ez ezik, inguruko herrietako lagunak eta urrunagotik etorritakoak ere elkartu ziren berdelaren inguruan, gero eta ezagunagoa baita Euskal Herrian jai hau. Horren erakusgarri izan zen arratsaldean portuan egin zen berdel dastatzean bildutako jendetza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo