Buruz Buruko Txapelketa
Agirrek lana latz eginda eman dio segida usadioari
Laugarren urtez segidan, aurreneko garaipena Zornotzan eskuratu du. Peñagarikano du orain bere zain.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Imanol Agirrek laugarren urtez segidan irabazi zuen Buruz Buruko Txapelketan bere lehen norgehiagoka, laurak Zornotzan. Jada ohitura bilakatzen ari den moduan, Arteako aurrelariak final-zortzirenetarako txartela eskuratu zuen Xabier Urberuagaren kontra bere betiko baliabideak erabiliz eta Kepa Peñagarikanoren aurka jokatuko du datorren asteburuan.
Hasiera oso gogorra izan zuen norgehiagokak eta bi pilotarien artean alde handiegirik ez dagoela argi geratu zen. 6nako eta 8nako berdinketak iritsi arte, Urberuaga Agirre baino gehixeago izan zen jokoan, baina partida erditik aurrera, atzelari aulestiarra nekea eta eskuan mina nozitzen hasi zen, beraz Agirrek lehia erabakitzea lortu zuen.
Alde horretatik, eta lan asko egin ondoren, Imanol Agirrek nabarmen erakutsi aurrelaria bera dela zazpi tanto segidan eginez, 6-8tik 14-8ra. Bi tanto sakez, bi horma-bikoarekin, bi dejadari esker eta beste bat atzean. Urberuaga ukituta zegoen erabat, beraz, garaipena Agirrek bideratuta zeukan ordurako.
Hala ere, txapela kendu behar du pilotazaleak Urberuagaren aurrean. Azken hilabeteetan izan dituen arazoak izanda eta atzo jaso zuen egurra jasota, burua beti tente izan zuen bizkaitarrak eta azken pilotakada arte ez zuen partida galdutzat eman. Ikusleen txaloak ere jaso zituen pare bat tanto ikusgarri egin zituenean: 4-6koa dejada eta horma-bikoa bata bestearen atzetik botata eta 17-10ekoa atzera jo zituen dozena bat pilotakada ederri esker lortua.
Agirrek azken txanpan arazo handirik gabe erabaki zuen atzoko dema eta datorren astekoan pentsatzen hasia da jada. Egia da azken hiru urteetan lehen neurketa irabazi izan duela, baina, era berean, bigarrena galdu egin du. Peñaren aurka aukera ona du lege hori hausteko.