KRONIKA | Arabako Bertsolari Txapelketa
Txapeldun zaharraren burua gozatuko du txapel berriak
Manex agirre eta asier otamendi. alfabeto hurrenkeraz izendatu zituen gai jartzaileak azken buruz burukoa lehiatuko zutenak. ez zen kinielarik hankaz gora jarri, izen horiek zebiltzan bolo-bolo buruz burukoaren aurreko atsedenaldian. azkenean, aspaldiko lagunaren burura joan zen txapela, asier otamendirenera.
Amagoia MUJIKA
Saio erregularra egin zuen Asier Otamendik, erori gabe iritsi zen buruz burukoraino. Horregatik, nahiko garbi ikusten zen txapelerako borrokaren azken esprintean sartzeko modua izango zuela. Manex Agirre izan zuen kantukide eta lehiakide. Aramaiorrak saio txukuna josi zuen eta buruz burukoan jotzen zuten Printzipal antzokian bildutako bertsozale askok. Distira handirik gabeko buruz burukoan, Otamendik atera zion brillo gehien amaierarik gabekoa zirudien seiko motzeko gaiari eta hor atera zion koska Agirreri. Gaia, hauxe izan zen: Zuek bizilagunak zarete betidanik eta beti gaizki konpondu zarete. Gaur zuen seme-alabak elkarrekin ezkondu dira, eta dantzan ari direla, bikote aldaketa batean elkarrekin egin behar duzue dantza.
Otamendi eta Agirre nahiko dotore atera ziren gai korapilatsu horretatik. Aspaldiko urteetan Gasteizen bizi den urretxuarrak ironia dotorea erakutsi zuen. «Hanka zapaltzen baldin badizut barkatuko'iazu», bukatu zuen lehenengoa. Bigarrenean, «zurekin baino nahiago dut nik sueltoan dantzatu» bota zion eta, azkenekoan, «aiba barkatu kopa erori zait zure txaketara». Agirrek ondo eutsi zion atakeari eta amaiera dotorea eman zion bere hirugarren bertsoari: «zeinen fundamentu gutxi/ dugun onartu lehenbizi/ bizilagunak izanda ezin lagun gisa bizi».
Azken kartzelakoan hauxe zuten kantatzeko gaia: Hemendik aurrera zure bizitokia izango denera heldu berri zara zure gauzekin. Otamendik, Afrikatik Euskal Herrira heldu den etorkin baten azaletik abestu zuen eta nahiko txukun josi zuen ariketa. Agirrek, berriz, beste helduleku bat topatu zion gaiari. Hemen, lehen bertsoa: «Epaiketa bat izan nuen behin kontatzen hasi beharko/ eta kondena preparatuta zeukaten bukatzerako/ gaur bizileku berrira nator kartzela esaterako/ eta zeldako lau paretetan ni sartu naizenerako/ hor bota ditut hemezortzi ta laroita hamazortzi malko».
Azkenean, Asier Otamendik 593,5 puntu pilatu, eta txapela jantzi zuen. Atzokoarekin, baditu Arabako lau txapela eta, aurretik, Prudentzio Deuna sariketako azken bost urteetan berak jantzi zuen txapela. Horregatik kasik-kasik bederatzigarrena dela esan daiteke. Lehenengoa bailitzan hartu zuen, pozik eta besoak altxatuta. Otamendik esana zuen aurretik txapela janztea berezia izango zela beretzat, azken urteetan izan duen pattalaldi modukoa suspertzeko primerako botika izan zitekeela. Ikusiko da. Hala Bedi irratiko eta Gasteizko gaztetxeko ordezkariek lagundu zioten txapela janzten, 25 eta 20 urte bete baitituzte aurten.
Saioa polito joan zen
Gainontzean, finala polito joan zen. Hirugarren tokia Iñaki Viñasprerentzat izan zen. Zortziko nagusian ez zuen gozatu, baina gero ondo sartu zen saioan Abetxukokoa eta gauza politak utzi zituen. Gogoz zegoela sumatzen zitzaion eta nahiko erraz aritu zen. Laugarren tokia iazko txapeldunarentzat izan zen Oihane Perearentzat.
Perea lotu antzean zen, ez zuen eman bere mailarik onena. Bakarkakoan bi ale polit utzi zituen, baina, ordurako, puntu asko zituen bidean utziak. Bosgarrena, Zigor Enbeita izan zen. Saioa Otamendirekin abiatu zuen zortziko nagusian eta oso ondo aritu ziren bata zein bestea. Hortik aurrera, akats nabarmenik gabe -etenaldi luze samarren bat salbu-, baleko saioa josi zuen Enbeitak.
Eta, seigarrena, Andere Arriolabengoa izan zen. Andere atzoko finaleko ezusteko polita izan zen. Bere erritmoan, ez zuen irristadarik egin eta gauza benetan politak utzi zituen. Puntuka egin zuen ariketa eta bakarkakoa esaterako, benetan txukunak izan ziren. Horregatik, seguru asko, bertsozale gehienek ez zuten seigarren postuan ikusten. Bera zen finalista berri bakarra eta sufritu baino, gozatu egin zuela zirudien kanpoaldetik. Bukaerako agurrean benetan hunkitu zen jendaurrean zegoen bere amamari abestean, eta une oso polita utzi zuten amamak eta ilobak.
Viñasprek ere hunkituta aipatu zuen bere agurrean duela gutxi zendu den bere aitona.