GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Udaberriko klasikak

Flandesko itzulia, klasiken aste nagusiko aurrenekoa

Cancellara da Flandesko lasterketako faborito nagusia, Ballanen, Boonenen eta Flecharen baimenarekin

p052_f01_148x108.jpg

GARA | BRUJAS

Txirrindularitza udaberriko klasiko nagusien astean sartu da Flandesko Itzuliarekin eta Paris-Roubaixekin. Gaur izango den txirrindularitza flandiarraren festa nagusiak itxura irekia hartu du, hautagai asko eta talde indartsuekin. Fabian Cancellara suitzarra da, hala ere, azkenaldian erakutsitako mailari esker, lasterketa klasiko handi hau irabazteko faborito nagusia. CSCko txirrindularia maisua da galtzada-harri gainean eta, dudarik gabe, Milan-San Remo eta Tirreno Adriatikoko irabazlea, itzuliko erreferentzia nagusienetakoa izango da.

Hautagaien zerrendan ez dira faltako, ez Alessandro Ballan, ezta Tom Boonen ere. Italiarra iazko garaipena errepikatzen saiatuko da, eta 2005 eta 2006ko irabazleak ere, ez du hutsik egin nahiko bere zaleen aurrean. Edozein kasutan, ez bata ez bestea, ez daude beren unerik gozoenean, eta Bettiniren hutsunearen ondorioz, Francaise taldeko Sylvain Chavanel eta Philippe Gilbertek, CSC indartsuko Karsten Kroon holandarrak eta Silenceko Leif Hostek osatuko dute faboritoen zerrenda nagusia, Rabobankeko Freire eta Flecharekin batera.

Euskal ordezkaritza

Txirrindulari euskaldunen parte hartzeak Euskaltel-Euskadi taldean izango du oinarria beste behin ere. Talde laranja, Koldo Fernandez de Larrea buru duela, aukeraren baten bila arituko da Flandesko errepideetan. Gasteiztarrak Josu Agirre, Beñat Albizuri, Lander Aperribay, Javier Aramendia, Markel Irizar, Juan Jose Oroz eta Alan Perez izango ditu taldekide, eta Rabobankeko Pedro Horrillo, Caisse d´Epargneko Imanol Erviti eta Txente Garcíarekin batera osatuko du Flandesko euskal tropela.

Euskaltel-Euskadiz gain beste hamazortzi Pro Tourrek osatuko dute Brujaseko irteera lerroa: Lampre, Quick Step, Silence, Rabobank, AG2R, Bouygues Telecom, Cofidis, Crédit Agricole, Française des Jeux, Astana, Caisse d'Epargne, Gerolsteiner, Liquigas, Saunier Duval, CSC, High Road eta Milram. Hauez gain, Landbouwkrediet, Topsport, Mitsubishi, Barloworld, Cycle Collstrop Skil eta Slipstream izango dira gonbidatuak.

Brujas eta Meerbekeren arteko 264 kilometroek ibilbide latz bezain bitxia eskaintzen dute, txirrindulari gogorrentzat propio prestatua. Lasterketak, guztira, hamazazpi gain izango ditu ehungarren kilometrotik aurrera, helmugatik hamabost kilometrora diren Grammonteko Horma mitikoak barne, ia hogei punturainoko aldapekin. Azkenik, Merbekeko helmugara iritsi aurretik, Bosbergen topo egingo duten zailtasunari aurre egitea beste biderik ez dute izango txirrindulariek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo