Euskal Herriaren askatasunaren alde, Pausoz Pauso Zarauztik Azkoitira
GARA |
Urola Kostan Pausoz Pauso ekimena prestatu dute heldu den apirilaren 26rako, Euskal Herriak askatasuna behar duela aldarrikatzeko eta amnistiaren aldeko mugimenduak «errepresioari aurre eginez eta euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen defentsan», herriz herri, auzoz auzo eguneroko lanean jarraituko duela berresteko. Eskualdeko eragile sozial, sindikal eta politikoei bertan parte hartzeko deia egin zieten atzo, baita herritarrei ere.
Azpeitian egin zuten aurkezpena, eta han izan ziren bailarako preso ohiak, hauen senideak, eraildakoen familiakoak, amnistiaren aldeko mugimenduko kideak eta herritarrak. Jakinarazi zutenez, Zarautzen egingo dute hasiera ekitaldia, 10.00etan. Getariara, Zumaiara eta Zestoara joango dira gero, eta 14.30ean izango dute bazkaria. 16.30 aldera abiatuko da martxa berriz ere, eta Azpeitira ailegatuko da. Azkoitian egingo dute amaiera ekitaldia, eta gauean, txotx egin eta kontzertuak entzuteko aukera izango dute.
Zarautz eta Azkoitia lotuko dituen egitasmoa aurkezteaz gain, Estatu espainiarrak eta frantsesak 30 urte hauetan «Euskal Herriaren eskubideak etengabe urratu» dituztela ekarri zuten gogora. Erran zutenez, horrek agerian uzten du gure herrian bizi dugun gatazka politikoa.
30 urte hauetan, hamar erakunde politiko ilegalizatu dituztela salatu zuten; lau komunikabide itxi; 4.000 preso politiko baino gehiago egon dira; 35.000 pertsonatik gora atxilotu dituzte; eta 321 euskal herritar erail.
Euskal Herria «salbuespen egoeran» dagoela deritzote. Urola Kostan ere sufritzen dituzte egoera horren ondorioak: sei herritar Auzitegi Nazionalean epaitzeko zain daude; hamar iheslari politikok ez dute Euskal Herrian libre bizitzeko eskubiderik; 19 euskal preso politiko daude, horietatik bederatzi frantziar espetxeetan eta hamar espainiarretan. Bostek, zigorren hiru laurdenak beteta izanik, kalean egon behar luketela ohartarazi zuten.
«Egoera gordin honen aurrean, Euskal Herrian aspaldidanik lanean dihardugu», adierazi zuten. Askatasunaren eta Amnistiaren aldeko batzordeen aurkako epaiketaren bidez, errepresioaren aurkako lana eta preso eta iheslarienganako elkartasuna epaitu nahi dituztela kritikatu zuten. «Baina alferrik dabiltza!», baieztatu zuten.