BAT FORMULA | Bahreineko Sari Nagusia
Kubica, McLaren eta Ferrari autoen hautabide bakarra
Epsilon Euskadiko piloto ohiak bere aurreneko «polea» lortu zuen atzoko entrenamenduetan. Hamilton, hirugarren, Ferrari bien artetik irtengo da.
GARA | SAKHIR
Bazirudien aurtengo Munduko Txapelketa hau ere Ferrari eta McLaren etxeen arteko pultsu soila izango zela, baina Robert Kubica poloniarrak atzo mahai gainean jotako kolpearekin argi erakutsi du BMW Sauber taldea hautagai garbia dela.
Talde alemaniarraren hobekuntza agerian utziz, Epsilon Euskadiko gidari ohiak bere aurreneko «polea» lortu zuen Bahreineko Sari Nagusiko entrenamenduetan, eta lehen lerrotik irtengo da gaurko lasterketan (13.30). Aurreneko «polea» du baita BMW Sauber taldeak ere, 2006an debutatu zuenetik lortu duen emaitzarik onena baita.
Orain arte lehia ofizialetan Kubicak lortutako emaitzarik hoberena Australiako entrenamenduko bigarren postua izan zen. Entrenamendu hartan BMW Sauberreko gidariak bere eskura izan zuen aurreneko postua, baina ezin izan zuen lortu azken bihurgunean egindako akatsagatik.
Massa bigarren
Cracobiako gidariaren atzetik Felipe Massa brasildarra irtengo da irteera puntutik. Ferrari etxeko gidaria jaun eta jabe izan da asteburuko entrenamendu libre guztietan baina itzuli erabakigarrian oker txiki baten ondorioz bigarren postuarekin konformatu beharra izan zuen. Hala ere, brasildarraren helburu nagusia iazko garaipena errepikatzea izango da «Cavallino Rampantearen» taldetik kanpo gelditu daitekeenaren zurrumurruak isiltzeko.
Lerro bat atzeragotik orain arteko liderra eta egungo txapelduna irtengo dira hurrenez hurren. Lewis Hamiltonek argi utzi zuen ostiralean izandako istripuak ez diola inolako arazorik eragin eta Ferrariekin batera arituko dela garaipenaren bila. Laugarren postuan Kimi Raikkonen sailkatu zen eta nahiz eta arazo txiki batzuk izan azken itzulian, lasterketan «indartsuago» arituko dela aurreratu zuen finlandiarrak.
Faborito nagusien atzetik Heikki Kovalainen eta Nick Heidfield abiatuko dira. BMW Sauberreko gidaria aurreko postuetan ibiltzeko gai da eta aurkari gogorra izango da Ferrari eta McLarengo gidarientzat. Birritan Munduko Txapeldun izan den Fernando Alonsok hamargarren postuarekin konformatu behar izan zuen eta Nico Rosberg (Williams) eta Jenson Buttonen (Honda) atzetik abiatuko da bosgarren irteera lerrotik.