GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHTk zizurkildar ororengan eragina izango duela gogorarazi diote alkateari

Zizurkilgo herritar talde batek gogor salatu du bertako alkateak, eta Lakuak berak ere bai, AHTren inguruan hartutako jarrera. «Zuzenean erasanak» diren pertsonak soilik deitu izana kritikatu dute, eta AHTk herritar orori kalteak eragingo dizkiola nabarmendu dute.

GARA |

Abiadura Handiko Trenaren aurka lanean ari den Zizurkilgo herritar talde batek gogor salatu du bertako alkate Maria Angeles Lazkanoren jarrera. Herritar talde horren aburuz, Lazkanok eta Lakuako gobernuak «ez dituzte ez herria, ez herritarrak aintzat hartzen»; dirua bakarrik «axola zaiela» salatu dute, eta beraien jarrera «lotsagarri»tzat jo dute.

Makroproiektu honen gaineko desinformazioari aurre egiteko asmoz, alkateari hainbat aldiz bilkura eskaera egin diotela gogorarazi dute, eta halako lau hitzordu, «azken momentuan eta modu lotsagarrian» bertan behera utzi izan direla salatu dute. Azkenean, alkatearekin biltzea lortu zutela jakinarazi dute. Orduan, ordea, informaziorik ez zuela esan, eta Lakuako teknikaria Zizurkilera etortzean herritar talde hau jakinaren gainean jartzeaz arduratuko zela agindu omen zien Lazkanok.

Alkateak, harturiko konpromiso hori hautsi, eta Lakuaren arabera «zuzenean erasanak» diren herritarrei soilik dei egin die, eta banan-banan bilduarazi ditu Lakuako ordezkari batekin.

Talde honen iritzira, modu horretan herritarra «zeharo galdurik» aurkitzen da, «esaten diotena egia hutsa eta aukera bakarra delakoan, eta sinatu beharreko paper bat aurrean duelarik, zenbait kasutan, jakin gabe, zenbait eskubide galtzea dakarrena», salatu dute.

Zizurkilgo herritar hauen ustez, herritar guztiak dira AHTren eraginez kaltetuak, eta horregatik, Udalak berak bere gain hartzen ez duen ardura betetzeko asmoz, asteazkenero AHTren inguruko informazioa zabaltzeari ekingo diotela adierazi dute. Beren lana «kriminalizatu» nahiko dutela ere salatu dute; hala ere, «modu oso duinean eta helburu duinengatik» lanean jarraituko dutela berretsi dute.

Atxulondon

AHTren inguruan dagoen desinformazioari aurre egiteko asmoz, asteazkenero, 19.30etik aurrera, Atxulondo kultur etxean izango dira, nahi duen orori makroproiektu honen gaineko informazioa emateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo