Jaizkibel mendia eta bertako itsas eremua babesteko eskatu du Eguzki taldeak
GARA |
Joan den martxoaren hasieran Pasaiako portuaren inguruetan Maro ontzia hondartu zela-eta, Eguzki talde ekologistak ingurumen arloko arduradunei eskatu die Jaizkibel mendiaren ingurunean berehalako babes juridikoa ezartzeko. Babes juridiko horrek gainera, Jaizkibel mendiaren bi magalak eta, gutxienez, bi miliako itsas eremua ere aintzat hartu beharko lituzkeela uste du talde ekologistak.
Era berean, Maro itsasontzia desmuntatzeko lanak behin bukatuta, Jaikibel ingurunea lehengoratzeko plan bat abian jartzeko ere galdegin die erakundeei, eta «natura aurreko egoerara bueltatzea ahalbidetuko duen plana» izan beharko luke, talde horren iritziz.
Jaizkibel mendiak Babes Bereziko Lekuaren izendapena jaso dezan ere eskaria egin die Eguzkik Pasaia, Lezo eta Hondarribiko udalei. Hein horretan, talde ekologistaren iritzira, Lakua eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren «oztopo eta jarreren» aurrean, hiru udalek batera eragin, eta bertako biodibertsitatearen balioak zaintzeko elkarlana gauzatu beharko lukete.
Eguzkik kaleratutako oharrean nabarmendu dute 2004. urtetik hona, Ulia, Txingudi eta Hendaia-Sokoako itsasbazterrekin batera, Jaizkibel mendia ere, Europako Natura 2000 Sarean sailkatuta dagoela Bruselako gobernuaren eskutik, eta Garrantzi Komunitarioko Leku (GKL) ere izendatu dutela.
Horiek horrela, Gasteizko Gobernuari, Gipuzkoako Foru Aldundiari zein Baionako Azpiprefeturari aipatutako tokiak, hau da, Ulia, Jaizkibel, Txingudi eta Hendaia-Sokoa eremuetako itsas erreserbak, Babes Bereziko Leku izendatzeko galdegin die. Gainera, egingo diren gestio planetan izendapen horiek errespetatuak izan daitezela ere eskatu du.
Bestetik, Jaizkibel mendiaren inguruetan eraiki nahi diren proiektuak zerrendatu ditu Eguzkik, «benetako arazo» gisa aurkeztuz, hala nola: Pasaian kanpoko portua eraikitzeko mehatxua; indar militarren tiro eremua; Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak espezie exotikoen baso landatze masiboak egitea; edota Hondarribiko Udalak Justiz aldean eraki nahi duen golf zelaia aipatu dituzte.
Jaizkibeleko Antolaketa Plana 1980ko hamarkadan idatzi zela gogorarazi die hedabideei, igorritako prentsa oharrean. Haatik, txosten hori Gipuzkoako Foru Aldundiko «kajoietan gordeta» dagoela salatu du.