Mendi lasterketak Denboraldi berria
Korrikalarien zein oinezkoen zirkuituak martxan dira
Igandean hasi zen Euskal Mendizale Federazioak antolatutako mendi lasterketen denboraldi ofiziala Gasteizko maratoiarekin. Iraupen luzeko ibilaldien zirkuituko lehenengo martxa Villabonako Aizkardikoa izan da.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Martxoaren azken egunekin batera abiatu zen mendi lasterketen denboraldia. Izan ere, joan den hilaren 30ean bi hitzordu izan ziren: Adarramendiko zein Sarako lasterketak. Bi horiei beste makina bat «kide» gehituko zaizkie datozen hilabeteotan, baina Euskal Mendizale Federazioak antolatutako zirkuitu ofizialaren lehenengo agerraldia joan den igandean izan zen.
Protagonista Gasteizko lehenengo mendi maratoia izan zen. Eta, aipatu ditugun bi lehia «txiki» horiek bezala, Gasteizkoak harrera ezin hobea izan du. Euskadiko Txapelketaren aurpegiarekin aurkeztu zitzaigun eta, oro har, ia inork ez zuen huts egin hitzordura. Han ziren egungo espezialista garrantzitsuenak, eta hauek guztiek eman zuten maila bikaina baino bikainagoa izan zen. Gainera, lehenengo aldia izateko, maratoi hori erabat biribil atera zen. Eguraldiaren egoerari dagokionez, fresko. Parte hartzea ere ez zen atzean geratu, eta 162 lagunek erdietsi zuten maratoia bukatzea. Gainera, lasterketarekin batera (ibilbide bera zuen) 180 mendizalek egin zuten ibilaldia.
Batzuen arabera, mendi lasterketen denboraldi honen hasieran maratoi izaerako (42 kilometrokoa) lehia bat deitzea oso goiztiarra zen, besteak beste, korrikalariek denbora gehiago behar dutelako hain iraupen luzeko lasterketa bat ongi prestatzeko. Hala ere, igandean ikusi zen legez, lehiakide gogorrenak sasoiko iritsi ziren Euskadiko Txapelketara.
Jakin bagenekien oso ibilbide azkarra zela, baina lehenengo sailkatuek egindako markek denak harritu dituzte. Zoritxarrez, eta hau ohikoa izaten ari da, atal ezkor bat gailendu zen. Eta hori emakumezkoen parte hartze eskasa izan zen; soilik bostek korritu zuten: lauk nagusien mailan, eta besteak beteranoenean.
Haatik, aurreratu dugun bezala, Gasteizko lehenengo mendi maratoia biribil atera zen. Eta hori baieztatu dute bai lasterkariek eta baita antolatzaileek ere. Ibilbide azkarra eta 1.876 metroko desnibela zuena. Mendizorrotzan hasi zen, eta, besteak beste, Zaldiaran eta Arrieta gainak igo behar izan zituzten.
Denbora bikainak
Neska nagusien lehiari dagokionez, lau besterik ez ziren izan irteera puntuan. Adibidez, iazko txapeldunak, Alizia Olazabalek, ez zuen parte hartu. Alabaina, oso lehia polita ikusi zen Nerea Amilibia eta Oihana Azkorbebeitiaren artean. Amilibia lasterketaren buruan jarri zen segituan, baina hasieran tarte txikia ateratzen zion Azkorbebeitiari. 3 minutuko aldea lortu zuen, baina azken kilometroetan tarte hori murriztu egin zen. Azkenean, Amilibiak irabazi zuen 3:56:35 denborarekin. Bigarren Azkorbebeitia izan zen minutu eta 13 segundora, eta hirugarren Iratxe Etxebarria 4:58:51 denborarekin. Emakumezko beterano bakarra Inma Aldaz (ez dago federatua eta, beraz, ez zuen txapela jantzi) izan zen; bere denbora sei ordukoa izan zen.
Mutil nagusietan, berriz, Ionut Zincak eraman du txapela bigarren urtez jarraian. Maila honetan ere oso lehia estua bizi izan zen. Zincak denbora guztia egin zuen maratoiaren buruan, baina hurrengo lehiakideei oso alde txikia atera zien. Oso amaiera zirraragarria izan zen. Zincak 42 kilometroak 3:13:51 denboran bete zituen, eta bigarren sailkatuak soilik 9 segundora iritsi ziren. Eta pluralean esan dugu Fernando Etxegarai eta Mikel Rerizena denbora berean heldu zirelako: 3:14:00. Hauengandik 44 segundora helmugaratu zen Jose Felipe Larrazabal. Laugarren Asier Urdanpilleta izan zen (3:23:05), eta bosgarren Iñaki Lopetegi (3:28:29).
Beteranoek, bestalde, batez ere lehenengo sailkatuek, oso maila ona eman zuten. Irabazlea Jose Luis Albizuri izan zen 3:39:56 denborarekin; zortzigarren sailkapen orokorrean. Josean Estenaga bigarren postuan sailkatu zen 3:45:50 denborarekin, eta 10. sailkapen orokorrean. Eta hirugarren Lake Oiarbide izan zen 3:52:58 denborarekin.
Euskadiko Kopa
Gasteizko mendi maratoiak EMF-ren lasterketa ofizialen txanda ireki zuen, baina, ohi den legez, Txapelketak kide bat izango du alboan: Kopa. Joan den larunbatean aurkeztu zuten 2008ko Euskadiko Kopa, eta aurten lau probak osatuko dute.
Lehenengoa ekainaren 13an izango da: Izarraizko mendi lasterketaren laugarren aldia. Azpeitian jokatzen den lehia honek 21.200 kilometro eta 1.660 metroko desnibela ditu. Ekainaren 8an, berriz, Baigorrira egingo du salto: 13. Artzainen Lasterkaldia (21.800 metroko ibilbidea eta 1.410 metroko desnibela). Hirugarren proba uztailaren 6an jokatuko da. Zornotzan antolatutako lasterketa honek 27 kilometro eta 1.600 metroko desnibela ditu. Eta, amaitzeko, irailaren 27rako antolatu dute azken hitzordua Olaztin. Olazti-Urbasa mendi lasterketaren bigarren aldia da, 23.200 kilometrokoa eta 1.367 metroko desnibelekoa.
Gasteizko maratoian egungo espezialista garrantzitsuenetakoak izan ziren, eta hauek guztiek eman zuten maila bikaina baino bikainagoa izan zen. Gainera, lehenengo aldia izateko, maratoia erabat biribil atera zen
EMFk mendi taldeen lankidetzarekin antolatutako iraupen luzeko ibilaldien denboraldia hasi da dagoeneko. Aurtengoan, guztira 22 proba jasoko ditu zirkuituak.
Martxoaren 30ean eman zuen lehenengo urratsa iraupen luzeko proben zazpigarren zirkuituak. Villabonako Aizkardiko Ibilaldiaren 40. aldia izan zen «Zirkuitua 08» bezala ezaguna den ekimenaren lehenengo etapa. Hortik aurrera, eta datorren azaroaren 2ra arte, eskaintza zabala dute aurrean Euskal Herriko ibiltari amorratuek.
Hain errotua dagoen xede hau berriro ere ongi baino hobeto hasi da. Parte-hartzaileen kopuruari begiratuz gero, Aizkardiko ibilaldian guztira 1.044 lagun (264 emakumezko eta 780 gizonezko) izan ziren irteera puntuan; horietako 653k ibilaldi luzean hartu zuten parte, eta 391k motzean. Inolako zalantzarik gabe, ibiltarien erakusleiho honek arrakasta handia dauka. Iaz, adibidez, antolatutako 22 martxek 10.000 lagunen babesa izan zuten. Eta badirudi aurtengo zirkuitua ez dela atzean geratuko; horrela erakutsi du, bederen, Villabonako ibilaldiak.
Iraupen luzeko ibilaldiok kontuan hartzeko ezaugarri garrantzitsuak dituztela oroitarazi nahi izan digute EMFkoek: «Martxa hauek oso helburu erakargarria dute: gure ingurua ezagutu eta mendiaz gozatzea. Finean, mendiko kirola sustatzera bideratuta daude ibilaldi hauek, eta parte-hartzaileei Euskal Herriko geografia zein ondarea erakutsi nahi zaizkie. Hori bai, ibilaldiak araututa daude, eta arau horietan lehiakortasunik gabeko parte hartzea sustatzen da».
Inoiz ez bezala azpimarratu nahi izan dute azken ezaugarri hori euskal federazioko arduradunek. Izan ere, gero eta gehiago dira ibilaldi hauek «lehia» moduan hartzen dituztenak; korrika joaten dira denbora guztiak apurtzeko asmoz. Eta, hain zuzen ere, mendiko kirol honek, aurreratu dugun bezala, bestelako helburuak ditu. «Zirkuitua 08» ekimenaren aurkezpenean, iazko «Shebe Peña» sariaren irabazleak, Jacinto Lajas-ek, «korrikalarien» asmoak eta iraupen luzeko ibilaldien filosofia ez datozela bat azpimarratu zuen.
Iaz 22 proba izan ziren eta aurten kopuru bera mantenduko da. 22 horietatik, 8 Bizkaian antolatu dituzte, 6 Gipuzkoan, Araban 4, beste 3 Lapurdin eta bat Nafarroan. Beste datu aipagarri bat ondoko hau: aurtengo martxa luzeena Aralarko Adiskideak Taldeak atondutako «14 ordutako martxa» da, maiatzaren 18an izango dena eta 68 kilometro dituena.
Lehenengoa Villabonako Aizkardikoa izan zen eta bigarrena heldu den igandekoa dugu: Zarauzko Ibilaldia, Pagoeta mendi taldeak antolatua. Hortik aurrera, eta uztailera arte, iraupen luzeko ibilaldi hauek ez dute etenik izango (ikus egutegia). Oporraldi garaian bi soilik izango dira eta urrian eta azaroan beste hiru; azkena azaroaren 2an: XXII. Gorobelgo Ibilaldia.
Araudi osoa zein ibilaldien informazio gehigarria EMFren web-gunean (http://www.emf-fvm.com" www.emf-fvm.com) duzue.
ARABA
17/05
XVI Travesia Sierra Cantabria
Distantzia 41 Km / Desnibela 2.150 m
C.M. PALOMARES eta BASATI M. E.
25/05
XXVIII Marcha de Fondo
Distantzia 43 Km / Desnibela 2.200 m
C.M. GAZTEIZ
05/07
VIII. Zuiako Bira
Distantzia 40 Km / Desnibela.......... m
ATZABAL
02/11
XXII. Gorobel Ibilaldia
Distantzia 42 Km / Desnibela 1.700 m
MENDIKO LAGUNAK M.T.
BIZKAIA
20/04
Balmaseda Hiria XII. Mendi Martxa
Distantzia 45 Km / Desnibela Gora 2.120 m - Behera 3.175 m
BALMASEDA M.T.
10/05
V. Durangaldeko iraupen luzeko ibilaldia
Distantzia 51Km / Desnibela 2.542 m
ALPINO TABIRA M.T.
11/05
IV. Jose Ramon Romañana
Distantzia 53 Km / Desnibela 8.000 m
GANERANTZ M.T.
17/05
III. Galdakao Mugarriz Mugarri
Distantzia 50 Km / Desnibela 1.200 m
GANGUREN M.T.
24/05
Karrantza Harana V. Mendi Ibilaldia
Distantzia 40 Km / Desnibela 1.250 m gutxi gorabehera.
KARRANTZA HARANA M.T
31/05
XIV. Bi handiak
Distantzia 60 Km / Desnibela 2.800 m MIRU GAIN M.E.
24/05
IX. Bermeoko Ermitxen Martxa
Distantzia 49 Km / Desnibela 2.250 m
SOLLUBE 707
05/10
Orozko Harana
Distantzia 39 Km / Desnibela 3.500 m
ITXINAPE M.T.
GIPUZKOA
13/04
Zarauzko Iraupen Ibilaldia
Distantzia 45 Km / Desnibela 2.450 m
PAGOETA M.E.
27/04
Andoaingo Ibilaldia
Distantzia 41 Km / Desnibela 2.150 m
EUSKALDUNA M.T.
18/05
XIV Orduko Ibilaldia
Distantzia 68,529 Km / Desnibela 1.946 m
ARALARKO ADISKIDEAK
01/06
68. Fortuna Ibilaldia
Distantzia 46 Km / Desnibela 1.700 m
C.D. FORTUNA K.E.A
17/05
Tomas Salazar IV. Aizkorriko Bira
Distantzia 52 Km / Desnibela 2.000
AIZKORRI M.E.
IPAR EUSKAL
HERRIA
01/06
Sarako Itzulia
Distantzia 45 Km / Desnibela 2.200
AXURI
20/07
Xareta Oinez
Distantzia 45 Km / Desnibela 2.000 m
ATSULAI TALDEA
19/10
Makea Oinez
Distantzia 37 Km / Desnibela 1.400 m C.M. MAKEA
NAFARROA
26/04
XIX. Sakanako Ibilaldi Handia
Distantzia 55 Km / Desnibela 5.150 m
IRATXO M.T.