GARA > Idatzia > Ikusmira

Irango auziak energia nuklearrari buruzko benetako eztabaida baldintzatzen du

Atzo Energia Nuklearraren Egun Nazionala ospatu zuten Irango agintariek. Egun hori ospatzeko, antza, 6.000 zentrifugatzaile atomiko berri jarri zituzten martxan Natanzgo instalazio batean. Ahmadinejad lehendakariak iragarri zuenez, tresna horien helburua erabilpen zibila duen energia sortzea da. Era honetan herrialdearen garapena eta modernizazioa bermatu nahi omen ditu.

Bertsio horren sinesgarritasuna albo batera utzita, indar atomikoaren alorrean Irango Gobernuaren jarrera Mendebaldeko indarrek duten jokabideak legitimatzen du gehien. Iranekin zorrotz jokatzearen alde agertzen diren berberek energia atomikoa bultzatzen dutelako, bai alderdi zibilean bai alderdi militarrean. Gainera, Irangoa baino hamaika bider arriskutsuagoak diren programak arazorik gabe baimentzen dituzte -Israelen, Pakistanen...-.

Nolanahi ere, auziaren larritasuna alde horien argudio eta kontraesanetatik haragokoa da. Geroko guda eta istripu nuklearrei buruzko erabakiak orain ari dira hartzen, eta ez dirudi ezkerreko alderdi eta mugimenduak ohartu direnik. Boteretsuen ikuspuntua argi dago. Zein da, zein izan behar du, beraz, besteona?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo