Lan ezbeharrei aurre egiteko borondaterik eza
Herenegun Barakaldon eta Lesakan bi langile lan istripuan hil izana salatzeko, sindikatuak hainbat elkarretaratze egiten ari dira egunotan. Izan ere, lan-ezbehar kopuru handia ez da kasualitatearen ondorio. Istripu horien kausa nagusia ondo ezaguna da, baina ez da kausa horri heltzeko aurrerapausorik sumatzen. Aitzitik, merkatuaren erreforma guztiek prekarietatea areagotu egiten dute etekinik handienaren mesedetan eta lan segurtasunaren kaltetan. Egoera horretan, gainera, herri erakundeek ere badute erantzukizun argirik. Ez da nahikoa prebentzio legeak egitea; betearazi ere egin behar dituzte. Tamalez, enpresa pribatuen logikari men eta langileen behar gorriei muzin egiten diete, ordea. Areago, hainbat kasutan herri erakunde horiek beraiek prekarietatea sustatu egiten dute; urrunera joan gabe, herenegun zendutako langileetako batek Bizkaiko Foru Aldundiaren azpikontratazio batean egiten zuen lan. Hau guztiau ez da kontu berria, ezta sindikatuen salaketak ere, baina langileen istripuek, tartean heriotzek, segida ikaragarri bati jarraitzen diote, geldiarazteko neurri eraginkorrik gabe. Euskal Herrian, aurten, gutxienez 23 langile hil dira beren lanpostuan. Errealitate gordin horri aurre egiteak herri erakundeen eta indar politikoen lehentasuna beharko luke izan. Baina hartarako borondatea behar da.