Hamaika talde larunbatean, Usurbilgo Kale Antzerki Egunean
Kale Antzerki Eguna ospatuko dute larunbatean lehenengo aldiz Usurbilen. Eguerdian hasi eta gauerdira bitarte, hamaika talde arituko dira herriko erdigunearen inguruko hainbat agertokitan. «Kultura bizi eta parte-hartzailearen isla» izan nahi du Egunak, betiere euskaraz.
Martin ANSO | DONOSTIA
Larunbatean Usurbilen bilduko diren konpainiek oso teknika eta estilo desberdinak lantzen dituzte, baina denak aritzen dira kalean eta denak euskaraz; antzezkizuna hitzik gabe egiten dutenak salbu, jakina. Hori nabarmendu zuten atzo antolatzaileek Koldo Mitxelenan egin zuten prentsaurrekoan. Bertan, Xabier Mikel Errekondo alkatearekin eta Nerea Eraunzetamurgil Kultura zinegotziarekin batera, Ixabel Agirresarobek eta Alex Tellok xehe-xehe eman zuten larunbateko egitarauaren berri.
Usurbilgo I. Kale Antzerki Eguna eguerdian hasiko da, seguru asko hegoaldean inoiz ikusi gabeko ikuskizun batekin, gainera. Izan ere, Pierre Vissier eta Dominika Rekalt clown zuberotarrek pilota partida batean parte hartuko dute.
Ordubatean, berriz, Usurbilgo Txerriki taldeak «Txarraka... show» antzeztuko du. Ixabel Agirresarobek azaldu zuenez, egunerako propio sortutako ikuskizuna da. Bi zati izango ditu, bata ibiltaria, kaskoan barrena, eta bestea, berriz, geldirik, frontoi atzean.
Ordubietatik laurak arte -«kalean bazkaldu nahi dutenentzat-eta», esan zuen Alex Tellok-, Despervicio, Xau eta Odolaren Mintzoa herriko musika taldeak arituko dira udaletxe aurrean.
16.30ean, Artzabalen, Donostiako 4 Mimo arituko da. «Taldea osatzen duten kideak gorrak dira, komunikatzeko sekulako gaitasuna dutenak», nabarmendu zuen Alex Tellok. Antzeztuko duten ikuskizunak, «20 min» izenburukoak, umorea, poesia eta gorputz-adierazpena uztartzen ditu.
17.00ean, frontoian, Azulkillas taldeak «Grabitateari bueltaka deitzen» antzeztuko du. Batez ere akrobazian oinarritutako ikuskizuna da.
18.15ean, Pasaiako Kolaxek «Bixotzerrenak» eskainiko du kaskoan barrena. Txerrikiren «Txarraka... show» bezalaxe, «Bixotzerrenak» ere egunerako berariaz prestatu dute, eta oraindik dena sekretua bada ere, zaborrarekin eta, zehatz-mehatz, Zubietan eraiki nahi duten errauskailuarekin zerikusirik ba omen du.
19.00etan, «Aurki» antzeztuko du Zarauzko Alprojak, dema plazan, kaskoan barrena kalejira egin ondoren. «Aurki» iazko udan estreinatu zuten Kalerkin, Zarauzko Kale Antzerki Jaialdian, alegia. Irailean, berriz, Bartzelonan antzeztu zuten. Alproja ez da emanaldi asko egiten dituen talde horietako bat. Beraz, interesatuek aukera ona izango dute Usurbilen.
Iluntzeko zortzietan, Etxauriko Atikus taldearen «Meloien kamioia» helduko da Usurbilera. Bertara bildutakoek meloi-saltzaile familia bitxia ezagutzeko parada izango dute.
Kale Antzerki Eguneko egitaraua biribilduko duen ikuskizuna Hortzmugaren «12 K» izango da. Bizkaitarrak gauerditik aurrera ibiliko dira kalez kale.
Kultura biziaren alde
Dena dela, egitarauaz kanpoko ikuskizunak ere espero dira. Izan ere, antolatzaileek dei egin diete kale-antzerkian eta kale dinamizazioan aritzen diren talde edo norbanako guztiei parte hartzera. «Hankapaluetan ibiltzen dakiena etor dadila hankapaluetan ibiltzera, edo malabarista dena malabareak egitera. Estimatuta egongo da eta trago bat hartzera, behintzat, gonbidatuko ditugu», esan zuen Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak. «Azken batean, guk hau kultura bizia bultzatu nahi dugulako antolatu dugu, ez ikuskizuna bakarrik, baizik eta parte-hartzea», gehitu zuen.
Antolatzaileek gogoratu zutenez, Usurbilen bada antzerki tradizio eta zaletasunik. Horren lekuko dira Udarregiren mendeurreneko ospakizunak, Ez Dok Amairuren muntaiak edota orain dela hiru bat urte herritarren artean oholtzaratu zuten «Sarrailaren giltza». Beraz, I. Kale Antzerki Eguna tradizio-zaletasun horretan sakontzeko urrats berria da.
Eguraldiari dagokionez, berriz, kuidadorik ez. «Ez gaude eguraldiari so, eguraldia solaskide hartuta baizik», esan zuen Xabier Mikel Errekondo alkateak. Euria botatzen badu, ikuskizun guztiek frontoi estalian aurkituko dute aterpe.