GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Adierazpenak

Herrero: «Bigarren izateko lehiatu beharko dugu»

GARA | ERANDIO

Legazpin gertatu bezala, atzoko Erandioko esprintean ere hirugarren sailkatu zen David Herrero, Karpin-Galicia taldeko txirrindulari bilbotarra. Ohi duen moduan, ez zuen erreparorik izan pentsatzen zuena adierazteko eta, bizkaitarraren iritziz, dagoeneko Euskal Herriko Itzuliak badu garailea, eta gainerakoentzat «bigarren amaitzeko lehia» baino ez da geratzen.

Etapa amaierarekin ere ez zen oso gustura Herrero; bere aburuz, etapa irabazteko aukerarik ba omen zuen-eta.

«Erandioko etapa aspaldidanik neukan buruan eta lastima izan da hirugarren amaitzea, nahiz eta lortutako emaitza ona izan. Ag2r-ko txirrindulari batek hesietarantz bidali nau esprintean eta lastima da, irabazlea ¯Kim Kirchen¯ gainditzea banuela uste baitut».

Euskal Herriko Itzuliari buruz galdetzean, aldiz, zalantzarik gabe eta argi eta garbi erantzun zuen Herrerok. «Oraindik asko falta da, baina ziur asko Contadorrek irabaziko du. Besteok egin dezakegun bakarra bigarren postua eskuratzeko lehiatzea da», adierazi zuen Errekaldekoak.

Bestalde, atzoko etapa irabazi zuen txirrindularia, High Road taldeko Kim Kirchen, pozarren zen bigarren etapa eskuratu izanagatik. Garaipenak «adore izugarria» eman diola aitortu zuen Luxenburgokoak.

«Oso garrantzitsua da bai niretzat, baita taldearentzat ere horrelako itzuli garrantzitsuan halako garaipena lortzea. Etapa hau irabazteak animo handia ematen dizu. Orain egindako esfortzua dela-eta galdutako indarra berreskuratzea falta da eta biharko ¯gaurko¯ ea berriro prest garen», esan zuen Kirchenek.

Itxaropenik gabeko ibiltariak

José Luis Arrieta eta Iñigo Landaluze, itxaropen handirik gabe ekin arren ¯tropelaren tirania ongi ezagutzen baitute¯ borrokalari aritu ziren nola bata hala bestea.

«Bagenekien lan txarrak genituela, are gogorragoak haizea aurrez aurre jotzen ari zitzaigula ikusita, baina aurrean azaltzea ere bada zerbait, eta ea horrela etaparen batean garaile geratzen garen», adierazi zuen Euskaltel-Euskadiko bizkaitarrak.

José Luis Arrieta ere zintzo mintzo zen. «Ihesaldietan sartzea garrantzitsua da. Nahiz eta oso zaila dela jakin, ez da matematika, eta beti egoten da aukera txiki bat».

Saunier Duval taldeko Beñat Intxausti ere saiatu zen atzo erritmoa aldatzen, Ricardo Riccorentzat lanean. «Aldapa batean abiadura azkartu dut, Riccorentzat lanean, baina ezin izan dugu eguna borobildu», kexatu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo