Jardunaldi Feministetan parte hartzera deitu dute Nafarroatik
Nafarroako mugimendu feministak asteburu honetan izango diren Euskal Herriko Jardunaldi Feministetan parte hartuko duela jakinarazi zuen atzo, eta horien garrantzia nabarmentzearekin batean, emakume guztiei parte hartzeko deia egin zieten. Landuko diren gaien artean indarkeria sexista, lesbianen sentsibilitatea eta prostituzioa aipatu zituzten
GARA |
Asteburu honetan egitekoak diren Euskal Herriko Jardunaldi Feministak direla-eta, atzo Nafarroako emakume taldeek agerraldia egin zuten Iruñean. Beraiek parte hartuko dutela azaldu, eta nafar emakumeak ere horretara animatu zituzten. Apirilaren 12an eta 13an, larunbat-igandean, izanen dira, Portugaleteko Nautika Eskolan. Laugarren aldiz egingo dira, baina azken hamalau urte hauetan ez direla egin kontuan hartuz, garrantzitsuak izango dira Portugaleten egingo diren hauek.
Atzo jakinarazi zutenez, «Nafarroako mugimendu feministak betidanik horrelako ekimenetan parte hartu izan du, 1977an lehendabizikoak egin zirenetik». Horregatik, asteburu honetan ere han izango direla ziurtatu zuten. Emakume Internazionalistak, Altsasuko Feministak, Neskok, Bilgune Feminista, Mugarik Gabe emakume taldea eta beste hainbat talde joango omen dira Portugaletera. Guztira 200 emakume baino gehiago aritu omen dira jardunaldiak prestatzen: antolatzen, txostenak idazten, tailerrak prestatzen, erakusketak aurkezten, musika jartzen, ikus-entzunezkoetan... Gisa horretan, eguna iristean, «beste ehunka euskal emakumerekin, guretzat garrantzitsuak diren gaien inguruan eztabaidatu, hausnartu eta esperientziak elkar trukatuko ditugu», adierazi zutenez.
Emakumeen aurkako erasoa
Euskal mugimendu feministak 30 urtetik gora bete ditu, eta esperientzia horretan oinarrituz, «mugimenduaren tradizioa hartuta aurrera begirako bidea» marraztuko dutela ziurtatu zuten. Azken hamalau urteetan «jendartean hamaika gauza gertatu direla» ohartarazi zuten, eta hala gertatu omen da mugimendu feministarekin ere. Horregatik, «une honetan biltzea, eta hainbat gairen inguruan eztabaidatzea» garrantzitsua dela nabarmendu nahi izan zuten.
Horrez gainera, egungo egoera salatu nahi izan zuten: «Emakumeen eta beraien eskubideen kontra, aurrekaririk gabeko ofentsiba baten aurrean gaude». Hainbat irregulartasunen artean, abortoaren gaia aipatu zuten. Beraien hitzetan, «despenalizazio mugatuak eta, oro har, zentro publikoetan ez praktikatzeak, gure hasierako aldarrikapena hautsi du, hau da, abortatzeko eskubidea, abortu librea eta doakoa». Haien ustez, atzerapausoa eman da, «legeak onartutako balizkoetan sartu, eta medikuntza pribatuko profesionalak auzipetzera helduz».
Eraso horren barnean, «hainbat emakumeren mediku txostenak konfiskatu dira, eta Guardia Zibila etxeetara bila joan zaie, beraien intimitate eta bizitza pribatuarekiko mespretxuaren erakusgarri», mugimendu feministak salatu zuenez. Modu horretan, «amatasunaren inguruan askatasunez erabakitzeko eskubidea erasotua» izan dela ohartarazi zuten. Bestalde, «gurutzada integrista» salatu zuten, kasu honetan Elizaren gisako erakundeetatik abiatuta, «jendarteko sektore atzerakoienak eta kontserbadoreenak protagonista dituena». Izan ere, «familia tradizionala» patriarkatuarekin alderatu zuten, eta beraz, ideia hori «gu menderatzeko erabili nahi dituzten baloreen estandarteetako bat» omen da, beti ere «emakumeen askatasuna mehatxatzen duen familia eredu patriarkala inposatuz».
Ildo nagusiak
Faktore horiek direla-eta, «gure jendartean alboratutako emakumeak, gero eta gehiago» agertzen ari direla ohartarazi zuten, eta, gainera, «aitzakiak erabiliz emakumeak gutxiesten da», salatu zutenez, prostituzioan dabiltzan, edo paperik ez duten emakumeak aipatuz. Horiek horrela, nabarmena iruditu zaie «Feministok eraldaketarako borrokan!» lemarekin egingo diren jardunaldion beharra.
Euskal Herriko Jardunaldi Feministetako eztabaidek hiru ardatz izango dituzte: «Emakumeok herrian eta munduan» ardatzean, besteak beste, «zaintza, prekarietatea, interkulturalitatea eta parte-hartze soziala nahiz politikoa» landuko dira. Bigarren ildoa, «Emakumeok indarkeria sexistari aurre eginez» izango da, eta hortaz mintzatuko dira «prebentzioa, legeak eta erantzuna» eta gisako alderdiak lantzeko. Azkenik, emakumearen izaeraren gainean jardungo dute, hainbat alor aztertuz eta hausnartuz. «Emakumeok, gure identitatea eta gure gorputz intsumituak» izendatu duten ardatzean, «sexualitatea, queer, prostituzioa, ugalkortasun eskubideak eta lesbianismoa» gaiak, esaterako, landuko dira.
Gai horietako anitz aurreko jardunaldietan landu izan badira ere, «duten garrantzia dela-eta» berriz ekartzea erabaki dute. Nolanahi ere, «lesbianen ikusgaitasuna eta queer teoriatik eratorritako eztabaidak» gisako ideiak ere izanen dira. Bestalde, beti eztabaidagai dagoen prostituzioak ere garrantzi handia izango omen du jardunaldietan, «mugimendu feministan ezberdintasun handiak sortzen dituen gaia» baita, azaldu zutenez. Eztabaida eta tailerren bidez jorratuko dira gai horiek, baina kaleko ekitaldia ere izango da: larunbatean, apirilak 12, 20.00etan manifestazioan aterako dira Bilboko Plaza Biribiletik. Informazio gehiago www.jardunaldifeministak.org webgunean jarri dute.
Jardunaldi feministak azken aldiz egin zirenetik hamalau urte igaro direnez, «gauza asko aldatu omen da». Jardunaldietan gai historikoak landuko badira ere, ideia berriak ere jorratuko dituzte, «lesbianismoaren ikusgaitasuna», esate baterako. Larunbatean berriz, manifestazioa egingo dute, 20.00etan, Bilboko Plaza Biribiletik.