GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Euskal herriko itzulia

«Gutxi dira munduan itzuli honen mailakoak»

Orioko helmugan guztien ahotan ibili zen: Alberto Contadorrek merezita irabazi du Euskal Herriko 48. Itzulia. Astelehenean tropela Legazpitik abiatu zenetik, txirrindulari madrildarrak, Astana taldearen laguntzaz, bere legea ezarri du aste osoan, eta atzoko erlojupekoan ere aginte hori berretsi baino ez zuen egin. Zale, zuzendari zein txirrindulari, guztiak bat etorri ziren 2007ko Tourreko garailea izan zela indartsuena esatean. Astana taldea harro zegoen egindako lanarekin, baina ez zen txikiagoa Contadorren poza. Haginetako zoldura bat nozitu arren, onena izan zen madrildarra eta denboraldiko lasterketa garrantzitsuenetako bat» irabazteagatik eta jasotako animoengatik oso harro azaldu zen.

p012_f01_190x124.jpg

Arnaitz GORRITI | ORIO

Nor hobe txirrindulari baten maila epaitzeko, beste txirrindulari bat baino? Orioko helmugan, artean Alberto Contador denbora onenarekin sartu berria garaipena ospatzen ari zela, Mikel Astarlozak mirespen erabatekoa azaldu zuen Astana taldeko txirrindulariak egindako lana zela-eta.

«Espero bezala, merezita irabazi du, onena izan baita. Aste osoan esan eta esan aritu gara Contador zela tropeleko gizonik indartsuena, eta gaurko ¯atzoko¯ erlojupekoan horixe berretsi du», adierazi zuen Euskaltel-Euskadiko pasaitarrak.

Astarlozak berak egindako lanaren inguruan «kontzientzia lasai» zuela azaldu zen gipuzkoarra, etaparik ez irabazi arren, ahalegin faltan behintzat ez baitzen aritu.

«Kontzientzia lasai asko daukat, ezin bainuen erlojupekoa segundo bakar bat bera ere arinago egin. Gehiago nahiko nukeen, bai, eta taldea eta zaleengatik izorratzen nau horrek, lan eskerga egin baitute ni podiumera igo nadin, eta nik ezin izan dizkiet eskerrak nahiko nukeen bezala eman. Aste osoan Euskaltel-Euskadi taldea oso-oso borrokalari aritu da, eta pena izan da etapa garaipen hori lortu ez izana. Behintzat, borrokalariak garela erakutsi dugu».

Asteko benetako protagonista, berriz; Alberto Contador, oso pozik zegoen. Dena den, Pintoko txirrindulariak aste erditik gora haginetako infekzio batek jota ibili dela aitortu zuen.

«Ez dut publikoki esan, aurkariek eraso gehiago jo ez ziezadaten, baina aste osoan haginetako infekzio bat izan dut, aurpegia puztuta daukat dagoeneko eta azken gau bietan ez dut lo askorik egin. Dena dela, oso pozik nago orain; eta hainbat hobeto lidergoari eustea etapa garaipena gehituta».

2007ko Tourra irabazi ostean, aurten ezingo du iazko balentria errepikatu Contadorrek. Hargatik, Euskal Herriko Itzuliko arrakastagatik, oso gustura zen madrildarra.

«Euskal Herriko Itzulia bezain lasterketa garrantzitsu gutxi dago urtean zehar. Zaleak errepidean animoak ematen ikustea eta Itzulia lehiatzera etorri direnen izenei begiratu bat ematea besterik ez dago hemen irabazteak duen garrantziaz ohartzeko. Gozamena da hemen garaipena lortzea», aitortu zuen.

Azkenik, asteon hil berri zaion amonari eskaini zion garaipena Astana taldeko madrildarrak.

«Asteartean amona hil zitzaidan eta ezin izan dut etxekoengana joan. Beraz, badakidanez aitona une txarrak pasatzen izango dela, garaipen hau berari eskaini nahiko nioke. Ea datorren astean ikusten ditudan».

Garaipenik ez, baina pozik

Txirrindularitzan, beste kirol askotan bezala, bakarrak irabazten du, nahiz eta gehiagok ere merezimendurik egin. Huraxe zen, hain zuzen, atzo Euskaltel-Euskadi taldearen egoera. Lan ona bai, mendiko sailkapena ere bai, baina garaipenik gabe.

«Gure lanari hamarretik zazpiko bat emango nioke», argitu zuen talde laranjak itzulian zuzendari postuan erabili duen Jon Odriozola oñatiarrak.

«Guztiok geneukan zer edo zer gehiago lortzeko ilusioa, baina taldeak borroka nola egin duen ikusita, ezin gutxiago eman. Zorte apur bat, sorpresa puntutxo bat, zertxobait gehiago falta izan zaigu Mukel ¯Astarloza¯ podiumean sartzeko, baina taldea ongi ibili dela esango nuke; uste dut zaleak ere egin dugun lan horrekin pozik egongo direla», gaineratu zuen Odriozolak.

Karpin-Galicia taldeko Iban Mayoz ere pozarren zen, duela hiru urte egindako balentria errepikatu zuelako -tarteko helmugen elastikoa soinean-, eta bere taldeak egindako lanagatik.

«Ez da erraza izan, baina lortu dut. Oro har, taldearen beraren maila ikaragarria izan da itzuli honetan. Esango nuke talderik indartsuena izan garela; pena bakarra da atzo ¯ostiralean¯ David Herrerori gertatu zitzaion erorikoa. Baina, tira, halakoak ere gertatu egiten dira. Etapa bat eskuratu dugu eta tarteko helmugen sailkapena; gure taldearentzat oso itzuli ona izan da», aitortu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo