GARA > Idatzia > Gutunak

Unai Arreal Portugaleteko EHE

Udalaren debekuen gainetik, Portugaleten euskara ofiziala

Euskararen normalkuntzarako edozein urratsi oztopoak jartzen temati segitzen du Udalak. Gaur berriro Udalak euskararen kontra egiten duen zentsuraren beste adibide baten berri eman behar dizuegu. Herriko euskaltzale askok dakizuenez, Portugaleteko euskararen egoerari eta aurrera begira eman beharreko urratsei buruzko hitzaldia egin gura genuen datorren asteartean. Aipatu hitzaldia Civico aretoan egiteko asmoa genuen, baina Udalak euskararen aldeko ekimenaren beldur dela erakutsi eta zentsuratu egin du, euskararen inguruko ekimenak susmagarritzat jotzen baititu. Tamalez, euskarari ateak ixtea ohitura bihurtu du Udalak; oraindik gogoan dugu iazko Euskararen Egunaren debekua.

Kontseiluari esker ezagutu ahal izan dugu herri guztietako euskararen diagnostikoa; Portugaleten aurretik genekien emaitza: Portugaleten euskaldunok ez dugu eskubiderik. Inoiz ez dugu normalkuntza planik edo euskararen ordenantzarik ezagutu, ez dugu udal tramiteak euskaraz egiteko aukerarik, Udalari zuzendutako eskaerak erdara hutsean erantzuten dizkigute (nahiz eta euskarari buruzko eskaerak izan), AEKn ikasten duten herritarrek ez dute inongo laguntzarik jasotzen...

Udalaren hizkuntza politika zapaltzailea indarrean dago erabat, eta Udalaren bekatua ez da soilik normalkuntzarantz urratsik ez ematea, baizik eta bere hutsuneak betetzeko lanean ari diren herri mugimenduei oztopoak jartzea eta benetako ofizialtasunerako urrats xumeenari ere ateak ixtea. Eta gainera ezin dugu zoritxarreko egoera honen berri eman kalean, kartelak jartzea debekaturik baitago (xede honetarako, ordea, ordenantza zehatza jarri zuen abian Udalak).

Hori dela eta, gure herrian hizkuntza eskubiderik eza arrunt bilakatu da; Portuko euskaltzaleon presiorik gabe, Udalari bere hizkuntza politika zapaltzailea aurrera eramaten utzi diogu. Honi buruzko adibidea aipatuko dugu: iaz Udalak kaleratutako «euskaraz bizi naiz, eta zu? Busti zaitez» edukirik gabeko sasikanpaina, horretan euskaldunok euskaraz egitera animatzen gintuen (animatzeko asmo horrek, berriz, ez zuen baliabiderik ekartzen, oraindik ez dugu lortu udaletxean euskaraz aritzea).

EHEk hizkuntza eskubideei ateak zabalduko dizkien hizkuntza politika berria aldarrikatzen du, aldarrikapen hauen inguruan Portuko euskaltzaleok bildu guran.

-Hizkuntza politikaren helburua: Euskararen normalizazioa. Honek arau babesa behar du, udal ordenantzetan zehaztuko da. Tresna garrantzitsuena normalkuntza plana izango da. Udalak baliabide ekonomiko (urte osoko aurrekontuetako %2 euskararen normalizaziorako bideratuko da) eta giza baliabideetan (Euskara Zerbitzua: zerbitzu honen teknikarien funtzioa normalkuntza planaren dinamizazioa izango da) oinarritutako politika jarri behar du abian.

-Herritarrei harrera eta zerbitzuak euskaraz. Udalarekin izango ditugun harreman guztietan euskara erabili ahal izango dugu. Honetarako, Udalak atal guztietan langile euskaldunak egotea bermatu behar du; eta seinaleak, euskarri informatiboak, udal komunikazioak euskaraz irakurri ahal izango ditugu.

-Udalak herritar guztiek euskara ezagutzeko duten eskubidea bermatuko du. Euskara ikasteko doakotasuna.

Kinka larri honen aurrean, Portuko euskaltzaleon erantzuna beharrezkoa dugu. Udalaren jarrerak azalarazten du bere benetako beldurra: herritik sorturiko ekimenen beldur eta euskaltzaleok gure burua antolatzearen beldur da Udala. Horrexegatik, inoiz baino beharrezkoagoa jotzen dugu Portugaleteko euskaltzaleok apirilaren 15ean biltzea eta Udalak isildu gura izan duen hitzaldian parte hartzea. Beraz, dei egiten dizuegu datorren asteartean, arratsaldeko zortzietan, Xaribari euskaltegira hurbil zaitezten. Hitzaldi honetan herriko euskaltzaleon topagunea izaten eta abiapuntu moduan hurrengo urratsak zehazten saiatuko gara.

Azken urteetako ibilbideak erakutsi digu herritarron presioari esker emaitzak onak lor daitezkeela; Udalak euskararen ofizialtasunari ateak itxi nahi dizkiolako, Portugaleten eta Euskal Herri osoan euskaraz bizitzeko ateak zabal ditzagun!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo