GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Koherentziarik gabe alferrik da

Geure harrokeria eurozentristak aintzakotzat hartuko ez badu ere, bertatik bertara diren lekuko mendebaldarrak esaka ari zaizkigu: Beijingo Joko Olinpikoen inguruan Mendebaldean sutu den presio eta arbuio giroak oso harrera ezkorra aurkitu du Txinako gizartean. Gizarte osoan, ez soilik sistemarekin lotuen daudenen artean. Hainbestekoa litzateke ezkortasuna ezen agintariak, beren eskuetan duten informazio eta propaganda sare ikusgarriaren bitartez, haserrea hozten ahalegintzen ariko omen lirateke une honetan, kalera irten ez dadin. Eta horrelako begiraleek Txinako gizarte giroa jasotzeko eduki dezaketen gaitasunaz fio ez denak, begira dezake zer gertatzen ari den munduan zehar barreiaturiko diaspora txinatar handiaren baitan.

Zergatia, funts-funtsean, nahiko gardena da: nazio harrotasunean inoiz ez dira gu baino gutxiago izan; gehiago, beharbada, bai. Eta horixe sutu da berriro. Ez dut uste presio mugimendua abiarazi dutenek, eta harekin bat egin duten gehienek, hori nahiko zutenik. Batzuei bost axolako diela ziur nago, hala ere. Izan ere mendebaldarrok oso barneraturik daukagu geure hegemonia inperialaren kume ideologiko hori: geure iritzia «mundu osoaren iritzia» dela deritzogu, eta gu ados ipini eta presio egiten hasten garenean, arbuiatuta aurkitzen denak amore eman behar izaten duela... indarrera jo behar izanez gero, geu garelako indartsuenak. Gizateriaren bostena osatzen duen herriarekin, ordea, logika horrek ez zuen funtzionatu ezta ahuleziarik latzenean zegoenean ere, XIX. mendean. Eta orain funtziona dezakeela uste izatea are ergelagoa da.

Txinan ere giza eskubideak errespeta daitezela exijitzea arrazoizkoa eta gizalegezkoa dela esango dit baten batek. Noski. Baina betebehar hori indarrez ezarri ezingo diegunez hango agintariei... txinatarren onarpen eta bulkadarekin bakarrik lortu ahalko da helburua. Baina tratu ekonomiko potoloak egiterakoan inoiz aipatzen ez diren giza eskubideak Beijingo Joko Olinpikoak maiseatzeko haizatzen direnean; erlijioaren pribatutasuna goraipatzen dutenek teokrazia baten buruzagia demokraziarako mintzaide politikotzat har dezaten eskatzen dietenean; hukoua kentzea eta, aldi berean, Tibetera edo Xinjiangera handarrik ez dadila joan exijitzen denean... oso zaila txinatarrekin adostasunera iristea. Koherentzia gutxi eta nagusikeria asko usaintzen dutelako.

Eta horrela, alferrik izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo