GARA > Idatzia > Kultura

Euskara hutsezko Bilboko lehen telebista jaio da: Ibaizabal Tb

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Joan den apirilaren 9tik aurrera badago Bilboko gaiak euskara hutsean igortzen dituen hedabide bat: Ibaizabal Telebista. Bertako informazioaz arduratzen den arren, Internet bidez zabaltzen da eta edozein lekutan ikusi ahal izango dira edukiak. Arduradunek azaldu dutenez, Bizkaiko hiriburuko egoera linguistiko eta komunikatiboa aztertuz, gabeziak nabaritu zituzten. Hortaz, argi erakutsi dute haien xede nagusia: «Bete gabe zegoen hutsunea betetzera etorri gara». Hedabide hau Ibaizabal-Mendebalde elkartearen egitasmoetako bat da, hau da, «Bilbo Handian euskara hutsezko ikus-entzunezkoak martxan jartzeko kultur elkartea», kideen aburuz.

«Internet bidez dabil eta ez da behar antenarik», esaten du bertsotan telebistan aurki daitekeen aurkezpen bideo batek. Hauxe da proiektua zabaltzeko beste ezaugarri bat. Bilbo eta bilbotarrentzako telebista den arren, arduradunek badakite mundu osoan ikusteko aukera egongo dela. Puntu honetan kokatu dute tresna bilakatzeko nahia. «Gauza asko baitago informatzeko, kontatzeko, salatzeko... eta baita elkar ezagutzeko», azaldu dute.

Ibai eta Zabalek ere argi daukate: haien arazoak ez dira beste hedabideetan azaltzen eta hauxe da somatu duten beste hutsune bat. Ibai eta Zabal haien saio propioa duten bi txotxongilo dira eta, lehenengo agerpenean azaldu duten bezala, telebista honek hirian gertatzen diren zenbait gizarte eta kultur fenomenoren berri eman nahi du. Hortaz, «gizartearen isla» aurki daitekeela esan dute bultzatzaileek. Azalpen argia gehitu dute: «Talde, elkarte edota kolektibo zabalek lantzen dituzten esparru guztiei zabaldu nahi diegu informaziorako leiho hau». Arduradunentzako gizarte ekimenak dira hiriaren bizitzaren bihotza eta hau da, azken finean, telebista bideragarri egiten duena: denen arteko elkarlana.

Landuko dituzten arloak, gaurkotrasunaz gainera, musika, gazteentzako gai interesgarriak, auzo desberdinekin lotutako informazioa, irakaskuntza etab. luze bat. Mementoz, bost saio ikus daitezke web-gunean; Ibai eta Zabalez gainera, Non eta Bilbon -hirian gertatutakoaren berri emateko-, Orroak -bertako aldarrikapen eta salaketez informazioa zabaltzeko-, Akorde artean akordatu -musikazaleentzako saioa- eta, azkenik, leihatila orokor bat bestelako gaiak biltzeko.

Ahots gabeko espektro ezberdinetako jende askorentzako «haize bolada berri bat» izango dela esan dute arduradunek. Hori dela eta hainbat elkartek haien kolaborazioa eta laguntza eskaini diete. Ekimen honi harrera aproposa egiteko, joan den apirilaren 9an Kafe Antzokian aurkezpen jaialdi bat egin zuten.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo