GARA > Idatzia > Errugbia

Kopa

Getxo Arteak erraz egin du finalerdietarako bidea

Bizkaitarrak Spyro Bera Bera baino askoz ere hobeto aritu ziren. Donostiarrak zati bakoitzeko lehen minutuetan bakarrik izan ziren nagusi

p046_f01.jpg

SPYRO BERA BERA 19

GETXO ARTEA 34

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Getxo Arteak kopako finalerdiak jokatuko ditu, atzo Spyro Bera Berari nagusitasun osoz irabazi ostean. Bizkaitarrak hobeak izan ziren, eta merezita lortu zuten garaipena.

Horiak izan dira Ligako euskal talderik onena, eta atzo ere hori erakustera atera ziren zelaira. Lehen minututik garaipenaren bila aritu ziren, eta mendean izan zituzten gipuzkoarrak. Hala ere, Gorka Buenok ez zuen hutsik egin bere lehen aukeran, eta zigor bati esker, etxekoak aurretik jarri zituen.

Hortik aurrera, lehen zati osoan zehar, donostiarrek ia ez zuten zelai erdia gurutzatu ere egin, eta Getxo nagusi izan zen. Joko on horri esker hiru entsegu lortu zituzten lehen zatian, baina barkatu ere egin zuten, Thiorek huts egin baitzuen, izandako hiru aukeretan. Buenok lehen zatiko azkeneko jokaldian beste aukera bat izan zuen, huts egin ez zuena, eta 6-15ekoarekin joan ziren aldageletara.

Bigarren zatian etxeko taldeak arriskatu beharra zeukan, eta horixe egin zuen. Ongi atera zitzaion gainera, lehen ordu laurdenean nagusi izan baitzen, eta horri esker, puntu bakar batera jarri ziren, 14-15.

Ondorioz, Getxo berriro ere esnatu egin zen; gipuzkoarrei ez zien arnasarik hartzen utzi, eta beste hiru entsegu egin zituzten. Oraingoan Thiore ostikoekin ere finago ibili zen, eta bi lortzeari esker, markagailua 24-29 utzi zuen.

Partida amaitzeko bost minutu falta zirenean neurketa eta kanporaketa erabakita zeuden; Kopan, partida batean erabakitzen baita auzia. Hala ere, etxekoek gutxienez emaitza laburtu nahi zuten, eta azkeneko minutuetan bizkaitarren entsegu marratik oso gertu ibili ziren. Presio horren ordaina ere jaso zuten, azkeneko jokaldian zigorrei esker entsegua lortu baitzuten. Amaieran, garaipena Getxok lortu zuen, eta finalerdiak jokatuko ditu. Bera Berak, aldiz, amaitu du denboraldia, eta ezin esan ona izan denik; Ligan gaizki aritu dira, uste baino ahulago, lesio asko izan dituzte gainera. Kopan zuten itxaropena, etxean jokatzen zutelako, baina atzo itxura kaskarra eman zuten. Getxok, aldiz, partida bikaina egin zuen, eta oraindik bizirik jarraitzen du.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo