GARA > Idatzia > Errugbia

DONOSTIA Igoera fasea

Atlético San Sebastiáni goi mailara heltzeko urrats txiki bat falta zaio

p046_f02.jpg

J.L. | DONOSTIA

Atlético San Sebastián talde garrantzitsua izan da errugbian. Ohorezko Mailako talderik onenetakoa ere izan da, baina urte asko daramatza goi mailatik at; berriro ere gora iristeko urrats txiki bat besterik ez zaio falta.

Donostiarrak Ohorezko B Mailarako igoera fasea jokatzen ari dira; azkeneko kanporaketako joaneko partida jokatu zuten atzo Hospitalet-en aurka Bera Berako zelaian, 300 ikusle baino gehiagoren aurrean, eta 41-21 irabazi zuten. Hogei puntuko aldea dute, eta zelaian bi taldeek dituzten ezberdintasunak kontuan hartuta, oso zaila dirudi igoera ez lortzea. Etxekoek oso eroso jokatu zuten. Aurrean askoz hobeto aritu ziren, eta min handia egin zieten aurkariei .

Hasieratik izan ziren nagusi, eta bigarren zatiaren erdialdean izan zuten beherakada txiki hori izan ez balute, gainera, aldea handiagoa izango zen. Guztira zazpi entsegu egin zituen Atléticok. Castagnek bi egin zituen, eta besteak, berriz, Vivoras I.ak, Mangasek, Rodríguezek, Tolosak eta Zabalak egin zituzten. Castagnek, Mazouatek eta Durquetyk transformazio bana gauzatu zuten.

Honako hauek jokatu zuten Donostiako taldean: Gaston, Merlo, Claverie, Didat, Zabala, Tolosa, Rodríguez, Durquety, Galle, Fourcader, Mangas, Castagne, Vivoras I.a, Gorrotxategi eta Lasheras. Gero, Varela, Vivoras II.a, Guindo, Scnacq, Albiar, Mazouat eta Marty ere aritu ziren. Itzulerakoa datorren asteburuan jokatzekoa da, baina Hospitaletek astebeteko atzerapena eskatuko duela iragarri zuen atzoko partidaren ostean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo