GARA > Idatzia > Pilota

Buruz Buruko Txapelketa

Garaipenaz gozatzeko astirik gabe, Peñagarikanok Irujo du buruan jada

Astelena pilotalekuan Imanol Agirreri merezimendu osoz irabazi ostean, Beizamakoak Iberoko aurrelariaren aurka jokatuko du datorren asteburuan final-zortzirenetan. 2006. urtean txapeldunaren aurka egindako partida bikaina errepikatu nahi du, emaitza ez baina.

p052_f01_148x184.jpg

AGIRRE 12

PEÑAGARIKANO 22

Aritz SORZABAL | EIBAR

Imanol Agirreri Eibarko Astelena pilotalekuan aise irabazi ondoren (12-22), ia segundorik galdu gabe, Kepa Peñagarikanok datorren asteburuan jokatuko duen partida zuen buruan dagoeneko. «Irabazteko aukera badut», adierazi zuen Juan Martínez de Irujoren kontra Buruz Buruko Txapelketako final-zortzirenak direla-eta jokatuko duen partidari buruz.

Atzoko emaitzarekin, gipuzkoarra eta nafarra elkarren aurka arituko dira berriro, 2006. urteko txapelketan gertatu bezala. Orduan, Iberokoak txapela jantzi zuen, baina lehenago beizamarra gainditu behar izan zuen final-laurdenetan, asko sufrituta. 22-14 bukatu zen norgehiagoka, baina Martínez de Irujok gorriak ikusi zituen. «Nahiko nuke hura bezalako partida egitea berriz ere, baina oraingoan galdu gabe», nabarmendu zuen Peñagarikanok.

Historia errepikatuko den ala ez jakiteko itxaron egin beharko dute zaleek. Dena dela, Asegarceko atzelaria sasoi onean dagoela ohartzeko atzoko lehia froga nahikoa dute. Izan ere, Peñagarikano oso txukun aritu zen, Agirre hasiera-hasieratik mendean izan baitzuen. Eskuinkada galantak jo zituen, 5-9koa kasu. Sotamano latza eman zuen lehenengo, eta tantoa pilotakada ikaragarri batekin amaitu zuen. 5-10ekoa, ordea, dejada batekin lortu zuen, baina Agirre erreboteko zulora bidali eta gero.

Huts gehiegi

Agirre ondo aritu zen defentsan, baita dejadekin ere: 6-11koa, zazpigarren koadrotik zabalera bidalitako dejada batekin lortu zuen; 9-15ekoan, ordea, bosgarren koadrotik bidali zuen. Dejadak dejada, huts gehiegi egin zituen gauza onerako -guztira, zortzi-, piloteoan aurkariaren menpe egon izanaren isla.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo