Bilboko Alde Zaharreko gazteak, berriro ere, Zazpi Katu gaztetxean dira
Bilboko Alde Zaharreko Gazte Asanbladako kideek Zazpi Katu gaztetxearen ateak zabaldu dituzte berriz. Joan den ostegunean, barruan izandako istripu txiki bat baliatu zuen Poliziak gaztetxea berriro ixteko.
GARA |
Joan den ostegunean, Bilboko Alde Zaharreko Zazpi Katu gaztetxean, istripu batek sute txiki bat sortu zuen. Bertan lanean ari ziren gazteek sua amatatu eta bizilagunei abisu eman zieten. Garrantzirik gabeko gertakaria izan zen, baina Ertzaintzak istripua baliatu zuen hamaikagarren aldiz gaztetxea ixteko. Gainera, gazte bati epaiketa egin diote eta epaiaren zain dago.
Atzo, Bilboko Alde Zaharreko Gazte Asanbladako kideek prentsaurreko eman zuten, berriz ere ostegunean gertatutakoa azaltzeko. Gaztetxeko ateak zabalik daude jada, eta gazteek Zazpi Katuren eta auzoaren alde lanean jarraitzeko asmoa berretsi zuten.
Atzoko agerraldian bildutako gazteek esandakoaren arabera, ostegunean gaztetxean lanean ari zirela, istripu txiki bat izan zuten. Ondorioz, sutea sortu zen, baina ez zuen batere garrantzirik izan eta berehala amatatu zuten. Hala ere, eta bizilagunak lasaitze aldera, guztiei gertatutakoaren berri ematea erabaki zuten.
Derrigorrezko ikuskapena egiteko aitzakia erabiliz, udaltzain batzuk sartu ziren gaztetxean, suhiltzaileekin batera. Ondoren, Ertzaintza bertaratu zen, eta, Gazte Asanbladako kideek salatu zutenez, «kanpoaldean bildu ziren gazteen kontra oldartu ziren, identifikazioak eskatzen ibili ziren eta bortizki urrunarazi zituzten». Miaketa egin ondoren, Polizia autonomikoak atea zigilatu zuen.
Epaiketa azkarra
Ertzaintzak sortutako egoera nahasiaren ondorioz, ez zen gaztetxearen itxiera soilik gertatu; gaztetxeko kide batek hurrengo egunean auzitegira joateko deia jaso eta epaiketa izan zuen.
Atzoko agerraldian salatu zuten epaiketa bera eta gaztearen kontra deklaratzera bertaratu ziren bi ertzainen jarrera ere. Izan ere, agerraldian esandakoaren arabera, ertzainak ez zeuden gaztea identifikatu zuten unean. Hori horrela dela frogatze-ko azalpen hau eman zuten: bi poliziek epailearen aurrean gaztea identifikatu zuten unean andre batekin zegoela deklaratu zuten, «eta gezurra da, izan ere, bere 12 urteko arrebarekin zegoen ertzainek identifikatu zutenean», adierazi zuten Gazte Asanbladako ordezkariek.
«Zentzurik ez duen epaiketa» salatzeko, ostiralean bertan elkarretaratzea egin zuten gazteek epaitegi aurrean, eta handik manifestazioa abiatu zuten Alde Zaharreko kaleetan barrena. Ehunka gaztek parte hartu zuten mobilizazioan, eta gaztetxea auzoarena dela eta beharrezkoak direla aldarrikatu zuten.
Ateak zabalik
Larunbat arratsaldean gaztetxeko ateak berriro zabaldu zituzten eta, horrenbestez, «7 Katu berreskuratua izan da, ezin baitzaio bizitza kendu hainbat gaztek ereindako lanari», adierazi zuten gaztetxeko kideek.
Bilboko Alde Zaharreko Gazte Asanbladan biltzen diren lagunek «auzoan eta auzoaren alde lanean» jarraituko dutela iragarri zuten, «eraso guztien gainetik». Eta auzoko gazte guztiei gaztetxeak antolatzen dituen ekintzetan parte hartzeko deia egin zieten.
Otsailean ere, Ertzaintzak Zazpi Katu gaztetxea hustu eta itxi egin zuen. Egun berean egindako manifestazioaren ondoren, gazteak gaztetxean sartu ziren.
Ertzaintzak, aurten, bigarren aldiz itxi du Bilboko Alde Zaharreko gaztetxea, eta gazteek, bigarren aldiz, lokala berreskuratu dute. «Auzoan eta auzoaren alde lanean jarraituko dugu, gure indarra eta ilusioa adieraziz», iragarri dute.