GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Javi Pujana eta Ana Ribera (*) Irakaskuntza ertainetako irakasle eta LABeko liberatuak

Bigarren hezkuntzako irakasleen irakas jarduerari buruzko hausnarketa

[Lan] hau guztia, ikaslegoak derrigorrezko hezkuntza amaitzen duenean landuta izan beharko lukeela irizten diogulako egiten dugu, ikastetxeko orientazio departamentuak eskeintzen digun laguntza soilaz, bestelako prestakuntzarik jaso gabe eta asmatzen ari garen edo ez jakin gabe

Azken boladan zenbait komunikabidetan agertu den bigarren hezkuntzako irakasleei buruzko informazio desegokiak kolektibo honen izen ona zikintzea besterik ez du lortu, horregatik zenbait aipamen egin nahi ditugu.

Egia da bigarren hezkuntzako irakasleriaren batez besteko eskola orduak 17 direla. Baina bakoitzaren irakasgaiari dagozkion orduez gain, eta «ikastetxean eman beharreko» orduetan, ondoko lanak ere burutzen ditugu: gurasoekin bildu, zaintzak egin, irakasle taldea eta mintegia koordinatu, klaustroak burutu, aurre-ebaluazioa eta ebaluazio batzarrak, orientatzaileekin tutoretza saioak prestatu, tutoretza saioak gauzatu, guraso zein ikasleekin pertsonalizatutako tutoretza saioak -sarri lan ordutegitik kanpo-. Ikasleekin kanpo jarduerak ere egiten ditugu: antzerkia, museoak, ikasketa bidaiak. Hizkuntza normalizazioko programetan parte hartzen dugu, Agenda 21, ikas komunitate proiektua, bizikidetza programa...

Hori guztia 23 ordutan? Noski ezetz! Horietariko asko etxean lan egiteko gordetzen diren eta hilean kontabilizatzen diren 7 ordu horietan betetzen dira. Aipatu diren «ikastetxean eman beharreko» 23 orduak gutxienekoak dira, ordutegi trinko batekin eta formakuntza, ebaluazio, klaustro edo beste edozein ezusteko kontuan hartu gabe. Inork ez du horrelakorik. Horrez gain, ikastetxean edota etxean, saioak prestatzen ditugu, lanak eta azterketak zuzendu eta ikastetxez kanpoko formakuntza saioak egiten ditugu.

Aipamen berezia merezi du 12-16 urte bitartekoen tutoretzak, non zenbait gai jorratzen dugun: sexu hezkuntza, HIESaren prebentzioa, drogomenpekotasuna, errespetua, genero berdintasuna, autoestima eta irudi pertsonala, osasuna, higienea eta elikadura, ikasketa teknikak, bizikidetza, lan mundurako edo ikasketetarako aholkularitza... Hori guztia, ikaslegoak derrigorrezko hezkuntza amaitzen duenean landuta izan beharko lukeela irizten diogulako egiten dugu, ikastetxeko orientazio departamentuak eskaintzen digun laguntza soilaz, bestelako prestakuntzarik jaso gabe eta asmatzen ari garen edo ez jakin gabe. Gurasoek ere etxean lantzen dutela uste beharko dugu.

Nerabeekin tutoretzak gogorrak dira, gero eta zailagoak. Horregatik, ikastetxeetan ezinegona sortzen duten soldata igoeren ordez, duten garrantzia eman eta denbora zein ebaluazio errealez hornitzea litzateke egokiena.

Orain arte azaldutakoa ohikoena da bigarren hezkuntzan, baina alfer hutsak garela dirudi.

EHIGE guraso elkarteak aipatzen duen ama hizkuntzaren errefortzua ere ez da oso ondo ulertzen. Gure herriaren hizkuntza errealitatea kontuan izanik, egoki ikusten dugu hizkuntza errefortzuak ematea, batez ere zonalde ez euskaldunetako D ereduan, baina euskara errefortzua, ez gaztelaniarena. Bestalde, hau ez da irakasleon ardura bakarrik, jendarte osoarena baizik, erakundeak barne. Ama hizkuntzaren errefortzua edota aipatzen diren hainbat lan gehituz gero -etxeko lanetarako laguntza, esaterako- ez lioke irakasleen lan zamari eragin beharko. Bide batez, sindikatuak aipatzen dira, LABen ez dugu inongo berririk.

Ez dugu publikako eta kontzertatuko irakasleen ordutegi konparaketa taula ere ulertzen, pribatuko mahai negoziatzailean lan baldintzak hobetzea eskatzeko ez bada behintzat.

Irakasleek ikastetxeko bizitzan konpromiso handiagoa beharko luketela gehitzen du EHIGEko Ana Eizagirrek. Guk, urte askotako hezkuntzako profesional gisa, badugula uste dugu. Aldiz, gabeziak antzematen ditugu: irakasleen arteko koordinazio handiago baten beharra -horretarako, ordu zehatzak ezarri beharko lirateke-, ikuskaritzaren irizpide bateratuak irakasleen ikastetxeko formakuntza orduetan kanpoko orduekin zein ordezkatu daitezkeen zehaztuz, espezialisten laguntza gehiago... Ez diogu lanari muzin egiten, babes eta kooperazio gehiago eskatzen diogu administrazioari.

Jardunari dagokionez (jarraia edo etena), EHIGEren ezezko borobilak azalpena eskatzen du. Bata ez da bestea baino hobea, biek dituzte alde on eta txarrak, eta erabakia OMRak hartu beharko luke. Ikastetxeak hezkuntza zentruak dira, eta formakuntza funtzioa hobekien betetzen duena aukeratu beharko litzateke.

Ertainetako irakasleak diru gehiago irabazi nahi duten alfer talde gisa agertarazi nahi dituen informazioaren aurrean, aipatutako irizpideekin bat ez gentozelako, pasa den ikasturtean greba egin genuela esan behar dugu. Hala ere, Hezkuntza Sailak gehiengo sindikala baztertuz akordioa sinatu zuen CCOOrekin. STEE, LAB, ELA eta UGTk ez genuen sinatu. Ertainetako irakasleok hiru greba egin genituen lan baldintzak hobetu eta hezkuntza kalitatea hobetzeko. Urteetan galdu dugun eros ahalmena errekuperatzeko, eta ez irakasleriaren arteko soldata ezberdintasunak sortzeko. Langile taldeak gaztetzea gerta dadin, hamarkada baten inguruan %50ek erretiroa hartuko baitu, eta 55 urtetik aurrerakoei lanaldi murrizketa progresiboa aplikatzeko. Lan taldeetan egonkortasun handiagoa izan dezagun urteroko lanpostu errealak betez interinoen artean, eta ez eskaini diguten finkapena edota, gezurra badirudi ere, PL1eko plazak mantentzen dituen LEPa. Figura berrien eraketa finkoa izan dadin, hizkuntza errefortzu, bizikidetza proiektuen koordinazioa, edo antzeko izaerako plazetan... Hori guztia lortzeko egin genuen eta lanean jarraituko dugu epe motzean eskaera hauek guztiak gauzatzeko.

(*) Javi Pujana eta Ana Riberaz gain, Roberto Tornero, Mari Carmen Urteaga, Julen Agirre, Iker Garin eta Aitzol Iparragirrek ere sinatu dute artikulua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo