GARA > Idatzia > Euskal Herria

Goierriko AHT Gelditu!-k 2.100 helegite aurkeztu ditu desjabetzeen aurka

Orain hamar egun agerraldia egin zuen helegite epea zabalik dela adieraziz, eta ahalik eta gehien aurkeztea beharrezkoa dela esanez. Interneten eta Goierriko hainbat lekutan ereduak jarri zituen. Bizilagunek primeran erantzun dute, eta 2.100 helegite batu dituzte. Besteak beste, Ordizia-Itsasondo bide zatiaren Ingurumen Eraginaren Ebaluazio eskasa egin dela diote, edota arriskuen ebaluazioa egitea beharrezkoa dela; beraz, desjabetzeak bertan behera uzteko eskatu dute.

P017_F01.jpg

GARA |

Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak, Ordizia-Itsasondo ibilbidearen barruan egin nahi dituzten nahitaezko desjabetzeei erantzunez, 2.100 helegite aurkeztu zituen atzo Estatu espainolak Gipuzkoan duen Ordezkaritzan. «Eusko Jaurlaritzak `hasitakotzat' jo zituen obretako zatian oraindik administrazio-tramite batzuk falta direla argi uzteaz gain, helegiteetan azaldutako argumentuak behar den bezala aztertzea eskatzen dio AHT Gelditu! Elkarlanak Gipuzkoako Ordezkaritzari eta Sustapen Ministerioari», nabarmendu zuten.

Interneten zein Goierriko hainbat taberna eta egoitzetan jarritako ereduez baliatuta, hamabost egunetan batu dituzte helegiteak, eta denbora horretan hainbeste lortzeak, beraien ustez, agerian jartzen du «herritarrek azpiegitura honen inposizioaren aurrean erantzuteko duten gaitasuna eta kemena». Ildo horretan, goraipatu nahi izan zituzten, Itsasondoko eta Legorretako udalek sinatutakoak edota CAFeko enpresa batzordeak izenpetutakoa.

Ingurumen ebaluazio pobrea

Jakinarazi zutenez, helegite horietan AHT «ekologian suntsitzailea, ekonomian xahutzailea eta sozialean bidegabea dela adierazteaz gain», besteren artean, zentzugabetzat jotzen dute «`Euskal Y'aren beste zatietako zehaztasunak aztertu gabe» aurrera egitea. «Eusko Jaurlaritzari dagozkion zatietako eraikuntza proiektuak ez daude eginda, Ordizia-Itsasondo zatiari lotutako Beasaingo eta Legorretakoak barne», nabarmendu dute. Bestalde, Ingurumen Eraginaren Ebaluazioa «oso pobrea» izan dela adierazi zuten: «Alde batetik, azpiegitura osotasunean hartu ez zutelako, eta bestetik, oso azaleko analisia egin zelako». Horretaz gain, trazaduran aldaketa itzelak gaineratu direla ohartarazi zuten eta horrek, derrigor, ingurumen eraginaren gaineko beste ebaluazio bat egitea eskatzen duela uste dute.

Egin asmo duten 2,8 km-ko tunelaren hondakinen harira ere, kexu agertu dira aurkeztutako helegiteetan. Eraikuntza proiektuan jasotakoaren arabera, Beasaingo Erauskin auzora eramango dituzte, baina «herri mugimenduak behin eta berriz adierazi du, baita zegokion garaian Beasaingo alkateak ere, auzo horretan lurrak botatzearen arriskua zenbaterainokoa den». Horren inguruan, Goierriko AHT Gelditu!-ko kideek azaldu zutenez, orain urtebete, Nuria Lopez de Gereñu Lakuako Garraio sailburuak lur horiekin Olaberrian lorategi botaniko bat eraikitzeko asmoa zutela adierazi zuen. «Zer gertatu da proiektuarekin?», galdetu zuten.

Halaber, helegiteen bidez salatu da «Mariarats errekaren inguruan galtzeko zorian dauden espezieak desagerrarazteko arrisku larria» egon arren, ez dela horiek babesteko erabiliko diren neurriei buruzko inolako txostenik egin.

Arlo horri dagokionez, AHT Gelditu!-ko kideek ohartarazi zuten, gainera, Ordiziako alkateak esan berri duela Mariaratsetik jaitsiko diren kamioiek eraikuntza proiektuan adierazitakoa ez den beste bide bat egingo dutela. AHT Gelditu! Elkarlanak gogor salatu zuen Ordiziako alkatearen jarrera, «herritarrak desinformatzeaz gain, nahastu eta idatzi gabe dauden `akordioak' onartzen baititu, eraginak jasango dituen herri gisa exijitu beharko lituzkeen azterketak» eskatu beharrean.

arriskua

AHTren aurka dauden hainbat pertsona Eskoriatzako udaletxean sartu ziren atzo iluntzean, modu horretan nahitaezko desjabetzeak gaitzesteko. Iragarrita dago aste honetan lurren okupazioren aurreko aktak jasoko dituela Sustapen Ministerio espainolak herri honetan. Gaur goizerako ere, udaletxe parean elkarretaratzeko deia eginda dago, proiektua behin betikoz geldi dezatela eskatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo